Datorren urteko martxoaren 30ean Otxandion hasi, eta apirilaren 9an Iruñean amaituko da 20. Korrika.
Euskal herritarrek
Batzuk lelopean egingo dute arineketan. Hizkuntza, kultura eta mundu batzuk irudikatu nahi dituzte AEK-ko kideek.
Hain zuzen ere, bat eta zuk berben arteko jolasa eginez sortu dute leloa, herritarrak euskarara gonbidatzeko. Hau da, hizkuntzen eta hiztunen berdintasunaren aldeko jaira gonbidatzeko.
“Hizkuntza, Kultura, Mundu ‘BAT’ sendotzeko bidean, ‘ZUK’ ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz”, azaldu du Asier Amondo Korrikaren arduradunak.
Edizio borobila da datorren urtekoa, eta 1980. urtean Korrika sortu zutenak izango dituzte gogoan. Ordutik, euskalgintzaren, euskal kulturaren eta euskararen “erreferentzia bihurtu” dela adierazi du Amondok. Korrikak batu egiten duen ekimena dela nabarmendu du, eta hori islatu asmoz, irudi koloretsua erabiliko dute 20. edizioan.
Goizeko aurkezpenean Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak esan duenez, aurreko Korrika amaitu zenetik euskaraz bizitzeko hautua “irmoago” dago euskal gizartean. Haren berbetan, euskararen normalizaziorako ezinbestekoa da helduen espazioek ere euskaraz funtzionatzea: “Horretan da AEKren urteotako zeregin nagusia. Dena den, oraindik ere euskaltegiei zuzendutako baliabideak ez nahikoak dira”.
Korrikaren 20. edizioa goizean aurkeztu dute AEK eta Korrikaren arduradunek, Donostiako San Telmo museoan. Hain zuzen ere, San Telmon bertan gordetzen da Korrikaren jatorrizko lekukoa, Remigio Mendiburuk sortutakoa.