Bost kontzertu eskainiko ditu Halloween Metal Fest jaialdiak
Metal genero ezberdinak eskainiko dituzten musika taldeak igoko dira zapatuan Bermeoko Kafe Antzokiko agertokira; 21:00etan zabalduko dituzte ateakOhi baino beranduago, baina badator bederatzigarren urtez Spookypheria Productions kultur elkarteak anto...
Metal genero ezberdinak eskainiko dituzten musika taldeak igoko dira zapatuan Bermeoko Kafe Antzokiko agertokira; 21:00etan zabalduko dituzte ateak
Ohi baino beranduago, baina badator bederatzigarren urtez Spookypheria Productions kultur elkarteak antolatzen duen Halloween Metal Fest jaialdia. Zapaturako jarri dute ordua, 21:00etatik aurrera, Bermeoko Kafe Antzokian.Halloween eguna urrun geratzen bada ere, dekorazio aldetik jaialdiak bere estiloa mantenduko duela diote antolatzaileek, nahiz eta mozorro lehiaketarik ez den egongo. Diotenez, data atzeratzea pentsatu zuten, «hainbat zirelako Halloween bueltarako inguruko herrietan antolatutako kontzertuak».
Bost kontzertugaz dator aurtengo Halloween Metal Fest jaialdia. Metal genero desberdinak nahasten saiatzen dira, eta, aurten ere, hala egingo dute. Kartel burua Nafarroako talde bat da, Diabulus In Musica. Metal sinfonikoa egiten duen taldea da, eta azaroaren 18an kaleratuko duten Dirge for the Archons azken lana Bermeon aurkeztuko dute. Izan ere, Diabulus In Musica taldeak Bermeon hasiko du bere nazioarteko bira. Zuberoa Aznarezen ahotsak gidatzen du taldea.
Asturiastik (Espainia) dator, Legacy Of Brutality taldea. Death metal estiloa lantzen dute, eta, Bermeon Giants diskoa aurkeztuko dute.
Thirteen Bled Promises taldea, bestalde, deathcore estiloan erreferente da. Madrilgo boskotea lehenengoz egongo da Bermeon, eta, bere azken lana aurkeztuko dute: The Black Legend.
Overdry taldeak, aldiz, errepikatu egingo du Halloween Metal Fest jaialdian. Orain bi urte jo zuten Kafe Antzokiko agertokian. Orduan, Jerez de la Fronterako (Andaluzia, Espainia) taldeak hiru kantu propio eta hainbat bertsio aurkeztu zituen. Orain, baina, euren disko berria aurkeztera datoz: El oscuro Reino Del Verso.
The Wizards bilbotarrak izango dira azkenak agertokira igotzen. Bere estiloa 70eko hamarkadako Heavy Metal bezala definitu daiteke.
Videojukebox-ak azkenera
Berritasun modura, beste alde batetik, kontzertuen ostean jarriko dute Halloween Metal Fest jaialdian ohikoak diren videojukebox-ak, eta ez hasieran. Tarte horretan, Spookypheria Productions kultur elkarteko kideak eta horien zenbait lagunek aurkeztutako bideo emanaldiak jartzen dituzte.
Aurretiaz erosita, sarrerek 7 euro balio dituzte. Egun berean, leihatilan erosten duten horiek, berriz, 10 euro ordaindu beharko dituzte. HITZAk Halloween Metal Fest jaialdira doan joateko aukera emango die lau laguni; izan ere, harpidedunen artean bi lagunentzako bina sarrera zozkatzen ari da asteon.