Emakunderen autobusa Gernika-Lumon egongo da gaur eta bihar. Gaur Lehen Hezkuntzako eskola umeekin saioak egiten ari dira, eta bihar goizean ere horretan jarraituko dute. Bihar arratsaldean, berriz, herritarrrentzat egongo da zabalik.
Ikasleekin egiten dituzten saioak, adinaren arabera egokitzen dituzte. Baina, modu batean edo bestean emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasuna zelan sortzen den azaltzen eta ohartarazten diete, berdintasuna lortzea jendarteak duen erronka nagusietako bat dela kontzientziatzeko.
“Neska edo mutila izateagatik zelako mezu desberdinak jasotzen ditugun azaltzen dugu. Neskei gehienbat itxura fisikoaren inguruko mezuak zabaltzen zaizkie, eta mutilei, ordea, liderra edota indartsua izateko mezuak”, zehaztu du Berdintasun guneko teknikariak.
Sortzen diren desberdintasun horiek norbanakoarengan duten eraginaz ohartarazten dute Berdintasun gunean.
Goizean Gernika-Lumoko ikastetxeetako ikasleak pasatu dira autobusetik. Arratsaldean, berriz, Barrutiako L.H 6. mailako ikasleekin egongo dira.
L.Hko ikasleekin esaterako, jolasen edo proben bitartez lantzen dituzte berdintasunagaz loturiko gai desberdinak. D.B.Hko ikasleekin, ostera,
Beldur Barik programako bideoak ikusten dituzte. Horiekin gai desberdinak jorratzen dituzte, esaterako indarkeria mota desberdinak, bikoteen arteko kontrola eta estereotipoak.
“Askotan oharkabean egiten ditugun gauzak dira, eta ume eta gaztetxo askok indarkeria matxista entzuten dutenean burura etortzen zaien lehenengo gauza bikoteen arteko indarkeria da. Baina, indarkeria mota asko daudela, eta ia egunero bizitzen ditugula konturatzea da gure helburua”.
Bestalde, ate irekietan autobus barruko informazio oholak eta bideoak ikusteko aukera eskaintzen dute, eta umeentzat ipuin ez-sexistak ere badituzte.