Negozio ideien garapen ikastaroa antolatu dute Busturialdeko Gazteria Zerbitzuek
Azaroaren 28an, 29an eta 30ean eskainiko dute ikastaroa Mundakako Tribisarrospe Kultur Etxean. 15 orduko ikastaroa dela azaldu dute antolatzaileek, eta hiru egun horietan 09:00etatik 14:00etara batuko dira parte hartzaileak. Enpresa ideak eta negozioak garatzeko moduak landuko dituzte, hain zuzen ere, Busturialdeko Gazteria Zerbitzuek antolatutako ikastaroan.
Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietan erroldatutako 18 eta 35 urteko bitarteko gazteek dohainik parte hartu ahal izango dute ikastaroan. Hala ere, plazak mugatuak direla azaldu dute. Horregatik, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Urremendi Landa Garapen Elkartean (94-625 76 09) edo Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzuan (94-617 91 58) eman daiteke izena. Izena emateko azken eguna azaroaren 24a izango da, baldin eta plazak arinago amaitzen ez badira.
Parte hartzaileek COACH and PLAYren eskutik jasoko dute ikastaroa, eta, azaldu dutenez, Lego® Serious Play® metodologia erabiliko dute.