Euriari ere aurre egin dio Katu Baltzak
Euria ez zen eragozpena izan zapatuan Katu Baltz Eguna ospatzeko. Goizeko ekitaldi batzuk bertan behera geratu baziren ere, arratsaldean jarraitu zuen jaiak. Ziarretak eraman du aurten ere saria.Ume, gazte zein nagusiak Eskolapeko Limoneroetan bildu zi...
Euria ez zen eragozpena izan zapatuan Katu Baltz Eguna ospatzeko. Goizeko ekitaldi batzuk bertan behera geratu baziren ere, arratsaldean jarraitu zuen jaiak. Ziarretak eraman du aurten ere saria.
Ume, gazte zein nagusiak Eskolapeko Limoneroetan bildu ziren zapatuan, 11:30ak orduko, Katu Baltz Eguna ospatzeko gogotsu. Euskal Mitologiari keinu egiten dion jaiegunean ez zen katu beltzik eta sorginik falta. Hamaiketako goxoa jan, eta umeei aurpegiak margotu zizkieten lehenengo. Pregoia irakurri eta bolanderak botata, kalejiran atera ziren 12:00ak bueltan, Itxaropena Txistulari taldearen doinuei jarraituz.Independentzia plazarainoko kalejira egin zuten, euripean, baina umoretsu. Bidean, Ziarreta jostailu eta jantzi dendaren aurrean egin zuten geldialdia. Txistulariek Zorionak zuri eskaini bitartean, Erakusleiho Onenaren Saria eman zioten Pili Erkiagari. «Pozik» hartu zuen bigarren urtez jarraian Maria Talako Eskulan Tailerrekoek egindako oroigarria .
Plazara helduta, txistuaren doinupean amaitu zituzten goizeko ekintzak. Izan ere, eguerdirako iragarrita zeuden gainerako ekintzak bertan behera utzi behar izan zituzten, etenik bariko euriagatik.
Aterrunea
Goizean ez bezala, arratsaldean, etenaldia eskaini zuen euriak, eta aterrune zabala tarteko, aurreikusita zeuden ekimenak burutzeko aukera eduki zuten.
Horrela, Katu Baltz Eguneko ekintzek ipuin kontalariagaz jarraitu zuten arratsaldean, Ikusgarri Zineman, Garrapatea Elkartearen Katu Beltzaren Bluesagaz, eta zinematik Independentzia plazarainoko kalejira alaian jarraitu zuten Aittitxa Makurra txarangagaz.
Plazan jarraitu zuen jaiak Etorkizuna dantza taldeagaz. Hankak airean ibili ziren lamia ilehoriak dantzan. Su festa ere egon zen gauean, Lekittoko Deabruak taldearen eskutik.