Ohi baino beranduago baina badator bederatzigarren urtez, Spookypheria Productions kultur elkarteak antolatzen duen
Halloween Metal Fest jaialdia.
Zapaturako jarri dute hitzordua,
21:00etatik aurrera, Bermeoko Kafe Antzokian.
Childrain taldea, iazko jaialdian
Halloween eguna urrun geratzen bada ere, dekorazio aldetik jaialdiak bere estiloa mantenduko duela diote antolatzaileek, nahiz eta
mozorro lehiaketarik ez den egongo. Diotenez, data atzeratzea pentsatu zuten «hainbat zirelako Halloween egun bueltarako, inguruko herrietan antolatutako kontzertuak».
Bost kontzerturekin dator aurtengo Halloween Metal Fest jaialdia. Metal genero desberdinak nahasten saiatzen dira, eta, aurten ere, hala egingo dute. Kartel
burua Nafarroako talde bat da,
Diabulus In Musica. Metal sinfonikoa egiten duen taldea da, eta azaroaren 18an kaleratuko duten
Dirge for the Archons azken lana Bermeon aurkeztuko dute. Izan ere, Diabulus In Musica taldeak Bermeon hasiko du bere nazioarteko bira. Zuberoa Aznarezen ahotsak gidatzen du taldea.
Asturiastik (Espainia) dator,
Legacy Of Brutality taldea. Death metal estiloa lantzen dute, eta, Bermeon
Giants diskoa aurkeztuko dute.
Thirteen Bled Promises taldea, bestalde, deathcore estiloan erreferente da. Madrileko boskotea lehenengoz egongo da Bermeon, eta, bere azken lana aurkeztuko dute:
The Black Legend.
Overdry taldeak, aldiz, errepikatu egingo du Halloween Metal Fest jaialdian. Orain bi urte jo zuten Kafe Antzokiko agertokian. Orduan, Jerez de la Fronterako (Andaluzia, Espainia) taldeak hiru kantu propio eta hainbat bertsio aurkeztu zituen. Orain, baina, euren disko berria aurkeztera datoz:
El oscuro Reino Del Verso.
The Wizards bilbotarrak izango dira azkenak agertokira igotzen. Bere estiloa 70. hamarkadako Heavy Metal bezala definitu daiteke.
Videojukebox-ak azkenera. Berritasun modura, bestalde, kontzertuen ostean jarriko dute Halloween Metal Fest jaialdian ohikoak diren
videojukebox-ak, eta ez hasieran, gainontzeko urteetan egin modura. Tarte horretan, Spookypheria Productions kultur elkarteko kideak eta horien zenbait lagunek aurkeztutako bideo emanaldiak jartzen dituzte.
Aurretiaz erosita, sarrerek zazpi euro balio dituzte. Honako lekuetan eros daitekez: Bermeoko Kafe Antzokian eta Luma liburudendan; Gernikako Ospa tabernan; Mungiako Herriko tabernan; eta, Bilboko Gotthic zone.
www.musikaze.com webgunean ere aurki daitezke sarrerak. Egun berean,
leihatilan erosten duten horiek, berriz,
hamar euro ordaindu beharko dituzte.
HITZAk Halloween Metal Fest jaialdira doan joateko aukera emango die lau laguni; izan ere, harpidedunen artean bi lagunentzako bina sarrera zozkatzen ari da asteon.
Diabulus In Musica
Zuberoa Aznarez (Diabulus In Musica): “Disko berriko zenbait abesti entzuteko aukera egongo da Bermeon”
Zer suposatzen du zuentzat Halloween Metal Fest jaialdira etortzeak?
Oso pozik eta eskertuta gaude antolatzaileek gure taldea aukeratu dutelako kartel buru izateko; konfiantza eskertu behar diegu. Berezia da guretzat, gainera, etxetik hurbil jotzea; izan ere, ea beti atzerrian jotzen dugu.
Bermeon finkatuta dagoen jaialdi bat da, ezagutzen zenuten?
Ez, baina gauza onak entzun izan ditugu jaialdiaz. Oso pozik gaude aurten ezagutu ahal izango dugulako!
Zenbaitetan euskara ingelesarekin edota latinarekin nahasi izan duzue zuen abestietan. Inoiz pentsatu duzue abesti edo disko oso bat euskaraz kaleratzea?
Badaukagu disko bat euskaraz. Euskal mitologiari buruzko Itzalen Sua liburuaren soinu banda izan zen. Gaumin argitaletxeak kaleratu zuen musika, liburuagaz batera. Aipatu lana gure disko etxea alde batera utzita egin genuen, proiektu interesgarria iruditu zitzaigulako. Agian horregatik inor ohartu gabe pasatu da lan hori gure diskografiatik.
Gure merkatua, batez ere, atzerritarra da, bai eta gure disko etxea ere. Horregatik, ingelesez idazten dugu, nahiz eta, zenbaitetan euskaraz idatzitako zenbait esaldi sartzen ditugun. Modu horretan, gure kultura zabaldu dezakegu. Askok ez dakite euskara existitzen denik, eta guri nondik gatozen azaltzea gustatzen zaigu, gurea atzerrian apur bat gehiago ezagutzera emateko.
Emakumeen metala estilo bat dela edo moda kontu bat baino ez dela uste dutenak daude. Horregatik, jaialdi handietan asko jota, emakumeen ahotsa duten bi talde baino ez dituzte sartzen
Bermeoko kontzertuan, euskarazko zerbait joko duzue?
Bermeoko kontzerturako setlist berria prestatu dugu. Horretan, ofizialki azaroaren 18an kaleratuko dugun disko berriko zenbait abesti entzun ahalko dituzte bertaratutakoek. Euskarak disko guztietan du presentzia. Disko berriko azken abestiak, estareko,
Zauria du izena: Orkestra eta ahotsaz osatuta dago, eta, euskaraz eta gazteleraz idatzita dago. Abesti oso nostalgikoa da, eta kontzertu amaieran entzuteko aukera egongo da.
Zure ahotsak gidatzen du taldea. Metal musikan emakume batek abesteak ateak zabaltzen al ditu?
Bi ahoko ezpata dela esango genuke. Batetik, nahiko mugatua den merkatu baterako ateak zabaltzen ditu, badaudelako emakumeen metalera bideratuta dauden jaialdiak. Bestetik, jaialdi handietarako mugatuta gaude. Emakumeen metala estilo bat dela edo moda kontu bat baino ez dela uste dutenak daude. Horregatik, jaialdi handietan asko jota, emakumeen ahotsa daukaten bi talde baino ez dituzte sartzen. Gainera, beti izaten dira betiko taldeak, ezagunenak, besteei aukerak eman gabe. Oraindik asko daukagu egiteko…
Zer aurkitzea espero duzue Bermeon?
Giro izugarria! Musika talde onak, eta, ziur aski, ikusleria hobea. Ezusteko bi dauzkagu, gainera. Disko berria Bermeon salgai egongo da, nahiz eta hilaren 18ra arte ez den kaleratuko. Bestalde, abesbatz baten laguntza izango dugu, beraz, kontzertu berezia izango da.