Aldundia Gaztelugatxeko San Juaneko Plan Integrala garatzen hasiko da 2017an
Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak 2017rako bere sailaren aurrekontu proiektua aurkeztu du Bizkaiko Batzar Nagusietan. Azaldu duenez, aurrekontu horiei esker, “orain arte ingurune naturala zaintzeko egin den lana garatzen jarraitu ahal izango dute”.
Unzuetak aurkeztu dituen aurrekontuetan, berritasun nagusi bat dago. Izan ere, Gaztelugatxeko San Juanen egingo duten Jarduketa Plan Integrala garatzen hasteko lanetarako partida bat aurreikusi dute. Hala, 550.000 euroko partida bideratuko dute Gaztelugatxeko San Juaneko garapen iraunkorreko estrategia, ekintza plana eta gobernu eredua definitzeko balioko duen agiri proiektua idaztera.
Biotopo modura kalifikatuta dagoenez, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak hartuko du lan hori egiteko ardura.