700 korrikalari Milia Herrikoian
Hiru hamarkada pasatxotan urteroko hitzordu bilakatu da Gernika-Lumoko Milia Herrikoia. 32.a izan da aurtengoa, eta ume, gazte zein nagusiek ez dute hutsik egin. Aurten iaz baino korrikalari gehiago batu ditu.Izena eta izana du Gernika-Lumoko Milia Her...
Hiru hamarkada pasatxotan urteroko hitzordu bilakatu da Gernika-Lumoko Milia Herrikoia. 32.a izan da aurtengoa, eta ume, gazte zein nagusiek ez dute hutsik egin. Aurten iaz baino korrikalari gehiago batu ditu.
Izena eta izana du Gernika-Lumoko Milia Herrikoiak, udalerrian hutsik egiten ez duen kirol ekitaldia. Eta, urteak joan urteak etorri, hutsik egiten ez duten parte hartzaileak ere baditu. 32. Milia Herrikoia izan da aurtengoa, eta 700 korrikalari bildu zituen zapatuan herriko erdigunean, Artekale kalean.Gernika-Lumoko zein inguruetako ikastetxeetatik heldutako ume eta gazteek ez ezik, Busturialdeko mugak ere gainditu ditu aurten Gernika-Lumoko Miliak. Gernika Atletismo Taldeko kide Carlos Galanek azaldu duenez, Bizkaiko atletismo klubetara zabaldu zuten deialdia, eta kanpotik ume eta nagusi asko etorri ziren zapatuan, Gernika-Lumora: Lekeitiotik, Durangotik Portugaletetik edota Arrasatetik, esate baterako. Eguraldiari aurre egin, eta antolatzaileek zehaztutako zirkuitua egin zuten denek; bakoitzak zegokion milia kopurua betez.
Azken urteetan legez, Gernika-Lumoko Atletismo Taldea arduratu da oraingoan ere kirol jarduera antolatzeagaz. Duela lau urte hartu zuen ardura hori eta, Galanek azaldu duenez, Gernika-Lumon eta Busturialdean atletismoa indartzea dute helburu. Miliaren 32. aldiak izan duen harrera ikusita, asmo horri eutsiko diotela uste du Galanek. «Gernika-Lumon atletismo taldea egoteak laguntzen du kirol horrekiko zaletasuna indartzen. Taldeko entrenatzaile eta gurasoak pozik gaude orain arte egindako lanagaz, eta Gernikako zein Busturialdeko herritarrak animatu nahi ditugu taldera etor daitezen», esan du. Umeak ez ezik, gero eta nagusi gehiago ere biltzen ditu atletismo taldeak; «nagusiak ere hasi dira gugaz entrenatzen», azaldu du.
Sari sinbolikoak
16:00etan hasita, Artekalen lasterka ibili ziren Miliako korrilakariak. Lehen Hezkuntzako lehen mailako umeak izan ziren lehenak ateratzen. Multzoka, Artekaleko zirkuituari buelta bat eman zieten aurre-benjamin mailako neska-mutilek, 150 metroko distantzia burutuz.
Benjaminek, gero, 300 metroko lasterketa egin zuten, zirkuitu berari buelta bi emanez. Haien txanda amaituta eman zieten hasiera alebinen lasterketei. Azken horiek 600 metroko zirkuituan lehiatu ziren.
Lasterketa amaitzean domina eta jan-edanagaz poltsa bana hartu zituzten neska-mutilek. «Denek hartzen dute sari bera» esan du Galanek. Nagusien kategorietan junior, senior eta absolutuan podiumera igotzen dituzte lehenengo hirurak, eta sari sinbolikoa jasotzen dute: txapela eta kopa. Hala eta ere, kirolari ezagunen arteko lehia da Gernikan izaten dena. «Denboraldia prestatzen ari dira gehienak, eta Gernikako Milia horretarako ondo datorkien proba da», dio Galanek.
Iluntze partean egin zuten korrika nagusien kategorietako parte hartzaileek. Txikien mailako neska-mutilek 900 metroko lasterketa egin zuten, eta 1.200 metrokoa kadeteek.
Jubenil, junior, absolutu eta beteranoak izan ziren azkenak korrika egiten. Horiek guztiak 1.650 metroko zirkuituan lehiatu ziren.
Aterri, baina labankor
Eguraldiaren iragarpena eskasa zen arren, lasterketak iraun bitartean aterri egin zuen, eta kirol proba lasaiago egiteko parada eman zien kirolariei. Zorua, baina, busti zegoen, eta ohi baino eroriko gehiago izan zirela ere esan du Galanek, bai ume zei nagusien artean. Dena den, kolpeak kolpe, ezusteko larririk ez zen gertatu.