Xixili Torneoan parte hartu duten taldeek maila oso ona erakutsi dute
Guztira, lehen mailan lehiatzen diren hamazortzi taldetako kideak batu ziren zapatuan, Bermeoko Arene Kiroldegian.
Etxeko taldeagaz batera, Bizkaitik Sakoneta, Dana eta Santutxu taldeetako ikasleak lehiatu dira, Gipuzkoako talde bakarra Ipurua izan da, eta Oskitxo eta Aresketa talde arabarretako kideak ere aritu dira lehian.
Bestalde, Calahorra talde errioxarra, Asturiasko Versalles eta Siero taldeak eta Gazte eta Leongo Armonia taldeko gimnastikalariak ere egon dira. Hala, parte hartzaile gehienak talde kantabriarretakoak izan dira: Santander, Castro Urdiales, Laredo, Torrelavega, Serpentinas, Cartes eta Santillana-Reocin.
Espainiako txapelketa Zapatuan Bermeon eta domekan Logroñon jokatu dituzte Espainiako txapelketaren aurreko azken bi txapelketak. Izan ere, Xixili Torneoa txapelketa horretarako prestaketa moduan hartzen dute bertan lehiatzen diren gimnastek. Uriondok azaldu duenez, talde batzuk oso ondo prestatu direla ikusi zen zapatuan Arene Kiroldegian. Esate baterako, etxeko taldeagaz batera, gazteetan Laredok, eta kadeteetan Castro Urdialesek talde gogorra dutela erakutsi zuten. Asteburu honetan Valladoliden (Gaztela eta Leon, Espainia) jokatuko dute Espainiako Txapelketa. Xixilitik, talde kategorian kadete eta gazte mailak lehiatuko dituzte, eta bakarkakoari dagokionez, Basterretxeak gaztetxoen mailan parte hartuko du. “Ikusi beharko da beste taldeek zelako maila duten. Normalean, valentziarrak aurkari gogorrak izaten dira, baina, esaterako Andaluziako edo Gaztela eta Leongo taldeak ere indartsuak dira”, zehaztu du Uriondok. XIXILI TORNEOAREN SAILKAPENAK:- TALDEKAKOA:
- Xixili
- Castro Urdiales
- Torrelavega
- GAZTETXOAK:
- Estibaliz Basterretxea
- Zuriñe Trabudua
- Lucia Villalba
- KADETEAK:
- Alaitz Aranbarri
- Naia Valladares
- Maria Arpide
- GAZTEAK:
- Nerea Monasterio
- Irene Esparza
- Sheila Vilchez