Zapatuan El Salvadorren kontra 11-6 galdu zuen talde gernikarrak, baina, defentsako puntu gehigarri horren ostean, 13 puntu ditu. Ohorezko Mailako sailkapenean zortzigarren dago. Haren atzetik Getxo Artea eta Ciencias taldeak daude, 8 puntugaz.
Aurretik, ostera, Ampo Ordizia, hurrengo jardunaldiko aurkaria dago, 17 puntugaz. Bestalde, gaur gaurkoz Alcobendaz da sailkapen buru, 32 puntugaz.
Lehia bizia
El Salvadorrek eta Gernika R.Tk zapatu arratsaldean jokatu zuten 7. jardunaldiko partida. Biek ala biek hasierako minutuetatik indarrak neurtu zituzten, eta aurkariaren defentsan tarteak zabaltzeko ahaleginean jokatu zuten.
Joan-etorria etengabea zen, eta bietako edozeinek estrenatu zitekeen markagailua. Hain zuzen ere, basurdeek izan zuten horretarako aukera zigor-entsegu bati esker, baina, Pichlerrek ez zuen transformazioan asmatu.
Horren ostean, berehala heldu zen etxekoen erantzuna. Horiek zigor entsegua ondo aprobetxatu zuten, eta 3-0eko markagailuagaz aurretik jartzea lortu zuten. Emaitza horregaz heldu ziren atsedenaldira.
Argazkia: Gernika R.T
Aldageletatik bueltan, bigarren zatia lehenengoaren moduan hasi zuten. Gernika-Lumoko taldea ez zegoen amore emateko prest, eta partida irabazteko asmoz nagusitasunez jokatu zuen. Baina, ez zuen aprobetxatu markagailua berdintzeko aukera. Izan ere, bigarren zatia hasi eta minutu gutxira, gernikarren aldeko zigor entsegua adierazi zuen epaileak, baina, ez zuten punturik lortu.
Hain zuzen ere, partidaren hasieratik egindako ahaleginaren saria 57. minutuan heldu zen basurdeentzat. Pichlerrek lortu zuen markagailua berdintzea, baina, horrekin konformatu ez, eta Pichlerrek berak transformaturiko zigor entseguari esker, aurretik jarri ziren (3-6).
Gernika R.Tren zigor entseguaren ondorioz, etxekoak suspertu, eta partidaren kontrola bereganatu zuten. Basurdeek gogor defendatu behar izan zuten, baina, horien ahalegina ez zen nahikoa izan partidako lehen entsegua saihesteko. Etxeko taldeak ez zuen transformatu, baina, markagailuan aurretik jartzeko baliatu zuen (8-6).
Basurdeek gogor borrokatu zuten azken minuturate, baina, partidaren amaieran, El Salvadorrek beste entsegu bat lortu eta transformatu zuen.