Ehunka ume, gazte zein nagusiak bildu ditu, beste behin ere, Gernikako Milla Herrikoiak. Gernika Atletismo Taldeak antolatuta, 32. edizioa izan da aurtengoa, eta 700 parte hartzaile izan ditu aurten, iaz baino gehiago. Gernika-Lumoko ikastetxeetako umeak ez ezik, inguruko herrietakoak eta urrunagotik heldutakoak ere izan ziren zapatuan Gernikan, lasterka: Lekeitiotik, Durangotik, Portugaletetik eta Arrasatetik ere etorri ziren umeak Gernika-Lumoko Millan parte hartzera, esate baterako. Zapatuan bertan izena eman zuten hogei ume inguruk; eta nagusien kategorietan parte hartzeko ere apuntatu zen jendea azken orduan.
16:00etan hasita, L.H. 1. mailako umeekin eman zioten hasiera kirol jarduera herrikoiari, eta iluntzean amaitu, nagusiekin.
Egun hotza izan zen zapatukoa, baina umeek korrika egin bitartean aterri egin zuen. Hala ere, lurzorua bustita zegoen, eta ohi baino eroriko gehiago izan ziren lasterketetan. Kolpeak kolpe, ezusteko larririk ez zen gertatu. Gernika Atletismo Taldeak antolatzen du Milla Herrikoia. Orain lau urte hartu zuen ardura, eta taldeko kide Carlos Galanek azaldu duenez, Gernika-Lumon eta Busturialdean atletismoa indartzea dute helburu. Millaren 32. edizioak izan duen harrera ikusita, asmo horri eutsiko diotela uste du Galanek. “Gernika-Lumon atletismo taldea egoteak laguntzen du kirol horrekiko zaletasuna indartzen. Taldeko entrenatzaile eta gurasoak pozik gaude orain arte egindako lanarekin, eta Gernikako zein Busturialdeko herritarrak animatu nahi ditugu taldera etor daitezen”, esan du. Gainera, umeak ez ezik, gero eta nagusi gehiago biltzen ditu atletismo taldeak; “nagusiak ere hasi dira gurekin entrenatzen”, azaldu du.
Aurre-benjaminek (2009-2010 jaiotakoak), benjaminek (2007-2008 jaiotakoak) eta alebinek (2005-2006 jaiotakoak) parte hartu zuten umeen txandetan. Naguietan, berriz, beste lau kategoria bereizi zituzten: Infantilak (2003-2004 jaiotakoak), kadeteak (2002an jaiotakoak), jubenilak (2000-2001 jaiotakoak) eta junior, absolutu eta beteranoak.