Neska bila, arraun taldea osatzeko
Iazko udazkenean zazpi neska hasi ziren, baina arrazoi desberdinak tarteko, udan hiru taldekide baino ez ziren geratu. Orain bost neska dira, baina traineruan mutilen taldeagaz entrenatzen dute. Nesken taldea osatu, eta batel denboraldia lehiatzea da daukaten helburua. Horretarako jendea behar dute, baina: “Probatzera etorri daitezela. Gugaz egun batean entrenatu, eta ondoren erabaki dezatela”. Gazte zein helduak Zaletasuna edota esperientzia duten zein arraunean ikasteko gogoa daukaten neskek telefono zenbaki honetara deitu dezakete, informazioa jaso eta dituzten galderak argitzeko: 676 91 86 19. Apurka-apurka jendea animatzen hasi dela diote. Haiek zabaldutako kartelari esker, Miren Alvarez aurreko astean hasi zen entrenatzen, eta beste bik hasteko asmoa agertu dute. Diotenez, jendea animatzeko adibiderik nabarmenena dira. “30 urtetik gora dituzunean sarri ez dakizu nora jo. Eta hau aukera ederra izan daiteke; zein kirol egin ez dakienarentzako alternatiba bat da”, zehaztu du Artetxek.“Ikasteko gogoz hasi ginen entrenatzen azaroan, eta horrela jarraitzen dugu”

Unzueta da taldeko gazteena, eta beste kirolen aldean “desberdinena” dela nabarmendu du: “Beste kirol batzuk oso lehiakorrak dira. Guk ere serio hartzen dugu, ikastego gogoz. Baina oso ondo pasatzen dugu”. Badakite asko daukatela ikasteko, eta zeregin horretan Egurrolaren laguntza ezinbestekoa dela azpimarratu dute. Hark asko animatzen dituztela diote, eta haren aholkuak asko eskertzen dituzte. “Unzueta eta Alvarez oraintxe hasi dira, baina azkenean, denon artean goaz ikasten; besteok ere ez gara profesionalak, besteok ere ikasten ari gara”, zehaztu dute taldeko beteranoek. Zerotik hasi dira, eta beraiek ahal badute edonork ahal duela azpimarratu dute: “Datorren urte hasieran bateletan lehiatzeko gogotsu gaude. Baina lehiatzeak baino, entrenatzeak, ikasten jarraitzeak betetzen gaitu. Pozik eta gustura ari gara, eta giro ona daukagu. Hori da garrantzitsuena”.“Probatzera etorri daitezela. Gugaz entrenatu, eta erabaki dezatela”
