Gogobetetze maila handia daukate Araneko erabiltzaileek
Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak kirol ekintzetako erabiltzaileen artean egindako inkesta baten arabera, Araneko kiroldegiko erabiltzaileen gogobetetze maila handia da.Aurten bi inkesta egin dituzte. Alde batetik, lurreko kirol ekintzen asetasun mai...
Aurten bi inkesta egin dituzte. Alde batetik, lurreko kirol ekintzen asetasun maila ezagutu gura izan dute, eta 101 erabiltzailek bete dute inkesta. Horien batez besteko gogobetetze maila 8,20 puntukoa da. Beste alde batetik, aurten, uretako kirol ekintzetako erabiltzaileak ere kontuan izan dituzte. 104 erabiltzailek egin dute inkesta, eta horien gogobetetze maila 7,84 puntukoa da.
Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko kirol saileko zinegotziak azaldu duenez, datuak onak badira ere, ahaleginak egiten jarraitu behar dute, «kirolarien asebetetze maila mantentzeko edo hobetzeko».
Araneko kiroldegiko kudeaketa hobetzeko helburuagaz egin dute, beste behin ere, inkesta. Kirol ekintzetan parte hartzen duten erabiltzaileei hainbat alorri buruzko galderak egin dizkiete: ekintzei buruzko informazioaz, izena emateko prozeduraz, antolaketaz, kopuruaz, ordutegiaz eta prezioaz galdetu diete, besteak beste.
Monitoreak hobeen
Lurreko kirol ekintzen inguruan egindako galdera guztiek 5 puntutik gorako erantzunak jaso dituzte. Baxuena prezioak jaso du, 5,8. Altuena, berriz, monitoreen gaitasun profesionalak, 8,68. Kirol guneari buruzko galderak 6,57 puntu jaso ditu, eta garbitasunak, berriz, 6,66 puntu.
Uretako kirol ekintzetan, aldiz, kanpainari buruzko informazioari buruzko galderak izan du puntu gutxien, 6,05. Hobeen baloratu dutena, berriz, monitoreen gaitasun profesionala izan da, 8,43 puntugaz. Kirol guneak 6,39 puntu jaso ditu, eta garbitasunak, 7,09.