Gernikako EH Bilduk Bergako alkatea atxilotu izana salatu du
Gaur goizean atxilotu dute Bergako (Katalunia) alkate Montse Venturos (CUP). Mossos d’Esquadrako poliziek atzeman dute, herri horretako Auzitegira eramateko. Hain zuzen, Kataluniako eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan udaletxeko balkoitik estelada kentzeko agindua ez betetzeagatik deklarazioa hartu nahi dio epaileak. Venturos bi aldiz deitu dute deklaratzera, baina ez da epaitegian aurkeztu. Gaur goizean atxilo eraman dute.
Gernika-Lumoko EH Bilduk Venturosen atxiloketa salatu eta berehala aske uzteko eskatu du. Gainera, haren konpromisoa eta ausardia txalotu du koalizio abertzaleak. Gernikako EH Bilduren esanetan, epaileak eta legeak ezin dira herriaren borondatearen gainetik jarri, eta bat egin du Venturak eginiko adierazpenekin; alegia, herriari zor zaiola eta herriaren aurrean deklaratzeko prest egongo dela beti, ez gutxiengo batek defendatzen duen legezkotasunaren berme den epailearen aurrean.