Eako I. Mendi Duatloian izena emateko epea zabaldu dute
VI. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren barruan, Eako I. Mendi Duatloia hilaren 13an (domeka) lehiatuko dute.
www.turesultado.es edo www.mendiduatloia.eus helbideetan izena eman behar da, eta era berean, facebookeko Txipiroi orrialdean ere badago lotura.
Hilaren 12an (zapatua) 22:00etan itxiko dute izen ematea. 150 parte hartzailetan ipini dute muga, baina, bete ezean egunean bertan ere izena eman ahalko da.
Aldez aurretik izena emanez gero, 15 euro ordaindu behar dira. Hilaren 13an, ostera, 20 euro ordaindu beharko dira.
Duatloia hiru zatitan banatuta burutuko dute.
Lehenengo sektorean 6,76 kilometroko ibilbidea egingo dute arineketan, 263 metroko desnibelari aurre eginez. Probaren lehen kilometro horietan, Angelutxu auzotik pasatuko dira, eta lapatzako bidetik bueltatuko dira herrigunera.
Ondoren, bizikletak hartu, eta 14,47 kilometrotan (713 metroko desnibel metatuagaz) udalerriko hamaika txokotatik pasatuko dira. Talatik gora joanda, besteak beste, Bixerreka, Larra, Apikale eta Bedaronatik igaroko dituzte.
Hirugarren sektorean herrigunetik 1,43 kilometroko (7 metroko desnibelagaz) zirkuitua burutuko dute.
Txipiroi Ie Mendi Duatloi taldeak lehenengoz antolatu du proba, eta taldeko kideak gogotsu eta burubelarri ari dira proba prestatzen. “Eako bereizgarri da itsasoa, eta horregatik ahalik eta tarte gehien kostaldetik egitea erabaki genuen”, zehaztu dute.
Azaroan amaitu
Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuitua irailean hasi zuten, eta hilabete honetan amaituko dute. Guztira hamabi probak osatzen dute zirkuitua (hilabetean launa).
Eako mendi duatloiaren aurretik, etzi Usansolokoaren txanda izango da. Gero, hilaren 20an Biriatun egingo dute azken aurreko proba, eta azkena, berriz, Zegaman izango da, hilaren azken zapatuan.