Denda Solidarioa zabaldu du Mundu Zabal erakundeak
Mundu Zabal gobernuz kanpoko erakundeak denda solidarioa zabaldu du, aurten ere, Markina-Xemeingo Karmengo komentuko erakustaretoan. Produktu berriak zein bigarren eskukoak egongo dira aukeran abendu amaierara arte.Erropak, zapatak, etxerako gauzakR...
Erropak, zapatak, etxerako gauzak… denetarik aurkitu daiteke Denda Solidarioan. Guztiak herritarrek edo dendek emandakoak direla azaldu dute, eta prezio merkean saltzen dituzte. Umeentzako oinetakoak euro batean daude, esate baterako. «Denda batek salgai berri ugari bidali digu», aitatu du Mundu Zabal erakundeko Javier Garciak.
Denda egunero dago zabalik, domeka eta jai egunetan izan ezik. Ordutegi ezberdina izango du, baina, azaroan eta abenduan. Azaroan 10:00etatik 12:00etara zabalduko dute goizez, eta 17:00etatik 19:00etara arratsaldez. Abenduan, ostera, 10:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.
Dendan ateratzen duten dirua, Mundukide Fundazioagaz batera Mozambiquen garatuko den proiektu bat bultzatzeko izango da. Mozanbiqueko Majuneko barrutian, besteak beste, familien nekazaritza sustatzen ari da Mundukide era askotako proiektuen bidez. Oraingoan indaba eta batata hazteko laborantza proiektu bat dute esku artean, eta Denda Solidarioan lortzen den diruak egitasmo hori gauzatzen lagunduko du.
Hamalau urte
Elkartasuna helburu, 2002an zabaldu zuen lehen Denda Solidarioa Mundu Zabalek. «Bollarren dendan egon ginen lehen urtean, baina txiki geratu zitzaigun. Eroski zaharrera joan ginen gero, eta Karmeldarren komentura lekualdatu ginen azkenik». Karmengo Komentuko erakusketa aretoan «gustura» daudela esan dute, esker onez.