UEMAko herrietan mediku eta pediatra erdaldunak daudela salatu dute
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak jakitera eman duenez, berau osatzen duten zenbait herrietan mediku eta pediatra erdaldunak daude, eta hortaz haien herritarren hizkuntza eskubidea urratzen ari dira.
“Zerbitzuaren kalitatea eskasa izango da beti, herritarrak nahi duen hizkuntza ofiziala hautatzeko bermerik ez badu”, adierazi du Josu Labaka UEMAko lehendakariak
Zehatz esateko, UEMAko herrietan euskaraz ez dakiten mediku eta pediatren zerrenda osatu du aipatu erakundeak. Hala, egoera konpontzeko lankidetzarako proposamena luzatu diete Osakidetzari eta Osasunbideari, beste behin, batzartzeko eskatuz.
“Euskal Herriko udalerririk euskaldunenetan 289 mediku eta pedriatra daude, eta horietatik 73 ez dira gai euskaraz aritzeko. Lautik bat”, zehaztu dute.
Hain zuzen ere, familia eta larrialdi medikuen artean, 233 profesionaletik 53 –% 22– dira euskaraz berba egiteko gai ez direnak. Pediatren kasuan, berriz, %35 ez da gai euskaraz aritzeko–56 pediatretatik 20–.
Bertoko udalerriei dagokienez, Ajangizko eta Bermeoko osasun zentroetan osagilea edota pediatra erdalduna dela azaldu dute.
Herritarrek medikuarekin euskaraz egiteko duten zailtasunen berri ematen aspalditik ari da UEMA, eta zehaztu dutenez, “aldaketak aldaketa, bere horretan irauten du arazoak”.
Azterketa herriz herri
Ondorioz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zein Nafarroako osasun etxeetako profesionalen hizkuntza-gaitasunen azterketa egin du UEMAk. Hau da, Osakidetzako zein Osasunbideko plantillak begiratzeagaz batera, udalerriz udalerri hitz egin du euskara teknikari, politikari, anbulatorioetako langile eta herritarrekin.
Euskal erakundeak 2013an egin zuen halako aurreko azterketa, eta ordutik osasun-etxe batzuetan egoerak hobera egin duela adierazi dute, baina, beste batzuetan okerrera egin edo bere horretan mantendu delako kezka agertu dute: “Udalerri batzuetan, bereziki larria da egoera. Izan ere, sendagile edo pediatra guztiak dira euskaraz egiten ez dutenak”.
Udalerri euskaldunetan egingo diren kontratazio berri guztietan, profesional euskaldunak kontratatu daitezela eskatu du UEMAk, beste behin. Izan ere, dozenaka osasun zentrotan, udako ordezkapenetan euskaraz ez dakiten medikuak jarri dituztela salatu du, Aulestin, esaterako.