Sukarrietako Udalak HAPO berria idazteko prozesua abiatu du
Azken osoko bilkuran onartu dute HAPO berria idazteko eta izapidetzeko talde tekniko juridikoa kontratatzea. Herritarren partaidetzak lehentasuna edukiko duSukarrietako Udalak Hiri-Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria egiteko prozesua martxan jarr...
Azken osoko bilkuran onartu dute HAPO berria idazteko eta izapidetzeko talde tekniko juridikoa kontratatzea. Herritarren partaidetzak lehentasuna edukiko du
Sukarrietako Udalak Hiri-Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria egiteko prozesua martxan jarri du. Hala, azken osoko bilkuran HAPO berria idazteko eta izapidetzeko talde tekniko juridikoa kontratatzea onartu zuten.Prozesu horretan herritarren partaidetzak lehentasuna edukiko duela azaldu dute udal ordezkariek.
Erredakzio lan taldea kontratatzerako orduan, euskaraz modu zuzenean mintzatzeko gaitasuna edukitzea kontuan eduki dutela diote.
Izan ere, herritarrek plan orokorraren fase guztien berri modu «ulergarrian» izan asmoz, hainbat bilera egingo dituzte. Horietan, HAPO idazteko lantzen duten dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute erredaktore taldeko kideek.
«Sukarrietako bizilagunen egungo eta etorkizuneko beharrizanekin bat datorren antolamendua bermatzeko, HAPO berria egiterako orduan, ezinbestekoa da guztion partaidetza; udaletik lantze prozesu garden eta bateratu baten alde egiten baitugu», esan du Sukarrietako alkate Erruki Goirienak.
Hain zuzenn ere, herria Sukarrietako «beharrizanak eta asmoak» kontuan hartuta kudeatu gura dutela zehaztu du udalerriko alkateak.
36 hilabete
HAPO berria idazteko aurreikusitako epea 36 hilabetekoa da, eta hainbat fase edukiko dituela jakitera eman dute.
Hilabete bat emango diote herri partaidetzarako programa eta genero ikuspegitik landutako herri diagnostikoa aurkezteari. Bederatzi hilabetean, berriz, informazioa jaso, eta hiri diagnostikoa eta azterketa prestatuko dute.
Bestalde, bost hilabete izango dituzte aurrerapen agiria aurkezteko, eta hiru hilabete aurrerapenaren aldian jasotako iradokizunei erantzuna emateko txosten tekniko juridikoak egiteko. Zortzi hilabete hasierako onarpen agiria aurkezteko; hiru hilabete hasierako onarpenaren aldian jasotako alegazioei erantzuna emateko; eta, lau hilabete HAPO berriaren aleak aurkezteko, behin-behineko onarpenerako.
Erredakzio lan taldea kontratatzerako orduan, zenbait baldintza izan dituzte kontuan. Besteren artean, euskaraz mintzatzeko gaitasuna izatea; hau da, taldeko kideren batek, gutxienez, EGA titulua edo baliokidea edukitzea.