Munitibarko Udalak eta HITZAk akordioa sinatu dute
Lau urteko hitzarmena adostu dute. Biek ala biek herritarren euskarazko informazio bideak eraikitzea eta indartzea beharrezkoa eta ezinbestekoa dela dioteMunitibarko Udalak eta HITZAk hitzarmena sinatu dute. Elkarlanean hedabideen alorrean euskararen e...
Lau urteko hitzarmena adostu dute. Biek ala biek herritarren euskarazko informazio bideak eraikitzea eta indartzea beharrezkoa eta ezinbestekoa dela diote
Munitibarko Udalak eta HITZAk hitzarmena sinatu dute. Elkarlanean hedabideen alorrean euskararen erabileraren normalizazio-lanak bideratzeko asmoz, erakunde publikoak eta eskualdeko komunikabideak lau urteko akordioa adostu dute.Hitzarmenean bien arteko lankidetza zehazteagaz batera, Munitibarko Udalak proiektuari emango dion diru ekarpena ere jaso dute.
Hain zuzen ere, urteko 1.400 euroko diru laguntza adostu dute, eta hurrengo hiru urteetan KPIa igoera izango du.
Biek ala biek euskararen biziberritzea eta berreskurapena dute helburu, eta herritarren euskarazko informazio bideak eraiki eta indartzea ezinbestekoa dela uste dute.
Izan ere, euskalgintzan diharduten beste eragile askorena legez, euskararen normalizazioa lortzeko bidean ekarpen esanguratsua egitea da HITZA osatzen duen komunikabide sarearen helburu nagusia. Horretarako, eskualdean sortzen den informazioa kudeatu eta komunikatzen du, euskaratik eta euskaraz.
Halaber, hitzarmenean jasotzen denez, bertoko komunikabideak eskualde osoan egiten duen lanari behar bezalako aitortza egitea beharrezkoa da. Horregaz batera, haren jarduna ziurtatzeko eta sendotzeko Munitibarko Udalaren eta HITZAren arteko lankidetza jardunean sakontzearen garrantzia nabarmentzen da hitzarmenean.
Bestalde, informazioaren kudeaketa ere jaso dute akordioan. Udalak sortutako zein herrian sortzen den informazio jarioa sistematikoki trukatzeko neurriak hartzeko konpromisoa hartu dute.
Lau urteko hitzarmena indarrean den bitartean, Munitibarko udalaren eta HITZAren ordezkariek osaturiko lan-taldea urtero batzartuko da. Horrela, hitzartutakoaren jarraipena egin, eta bi parteek hartutako konpromisoak bete dituzten ala ez aztertuko dute. Beraz, adostutakoa objektibotasun, pluraltasun eta egokitasunez betetzen ari diren ikusiko dute.