Merkatari Elkartuek kaleko salmenta gelditzeko eskatu dute
Gernikako Merkatari Elkartuek kaleko saltzaileen aurrean ez ikusiarena egiteari uzteko eta neurriak hartu ditzala eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari.
Herriko dendariak, ostalariak eta zerbitzu enpresak batzen dituen elkarteak Gernika-Lumoko kaleetan dabiltzan legez kanpoko saltzaile ibiltariekin behin betiko bukatu dadin exijitu dio udalari, eskaera hori arrazoitzen duten arrazoiak biltzen dituen zerrenda bategaz.
Herriko motor ekonomikoa eta lanpostuen iturri den sektore horren ordezkariei ulergaitza egiten zaie «hain kaltegarria» den ekintza horregaz orain arte bukatu ez izana; batez ere, udal ordezkariek urte hauetan izan dituzten batzarretan gaiari askotan heldu ostean.
«Batzuetan produktu originalak dituzten denden aurrean bertan faltsuak diren produktuak saltzea onartzen duten berdinek, ze legitimotasun daukate gero merkatariei betebehar fiskalak exijitzeko?, galdegin dute elkartekoek, egoera horren aurrean babes barik sentitzen direla nabarmenduz.
Hamar arrazoi
Hori guztia kontuan izanda, Gernika-Lumoko Merkatari Elkartuek hamar arrazoi planteatu dizkiote udalari, salmenta ibiltaria errefusatzeko. Arrazoi horien artean, kalean saltzen diren produktuak osasunerako arriskutsuak izan daitezkeela, faltsuak eta kalitate eskasekoak direla eta herriko bizi kalitatea hondatzen dutela.
Jarduera horrek enpresak eta lanpostuak suntsitzen dituela ere adierazi dute, legezko merkatarientzako konkurrentzia bidegabea suposatzen duelako.
Beste alde batetik, salmenta hori burutzen duten saltzaileek bizi duten egoera kontuan hartzen dutela diote, estortsioa erabiltzen duten sareen menpe daudela adieraziz. «Baina arazo hori ez ikusiarena eginda ez da konponduko».