Gaitoka auzoko argiteria hobetuko du Foruko Udalak
Herriko Landa Inguruen argitasuna berritzeko planagaz aurrera jarraitzen du Foruko Udalak. Modu horretan, oraingoan, Gaitoka auzoko argiteria hobetzeari ekingo dio, “herritarrei zerbitzu gehiago eta hobeagoak eskaintzeko konpromisoagoaz eta segurtasuna hobetu aldera”.
Udaletik jakinarazi dutenez, guztira, LED teknologiako 41 kale argi jarriko dituzte. Lan horien bitartez, herrian eraginkortasun energetikoa lortu gura dute, eta igortzen den CO2-a eta argi-kutsadura murriztu gura dituzte. Gainera, elektrizitate fakturak aurrezten lagunduko duela diote udaletik.
Foruko Alkate Jane Eyre Urkietak azaldutakoaren arabera, “Foruko bizi kalitatea hobetzeko eta auzoen arteko desorekak ez egotearen aldeko lana egiten dugu udalean. Horregatik, irisgarritasuna hobetzeko lan egiten dugu, bai eta argiztapena moduko funtsezko zerbitzuak izateko ere. Argia ezinbestekoa da eta gure auzoek, erdialdekoak zein urrunago daudenak, argiztapen egokia izateko eskubidea dute. Era berean, herrian ekipamendu sozio-kulturalak edukitzeko eta herrian bertan aisialdia sustatzeko lanean ere bagabiltza”.
Argibide enpresak egingo ditu lanak, 97.876,80 eurogatik. Inbertsio horri aurre egin ahal izateko, udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza jaso duela esan du alkateak, Agenda 21eko diru laguntzen baitakoa. Lanak amaitzeko aurreikusitako epea 45 egunekoa da.