5O urte euskal kultura zabaltzen
Kresala Kultur Elkarteak egitarau oparoa osatu du 50. urteurrena ospatzeko. Azaroaren 13a bitartean, hainbat ekitaldi egingo dituzte; aipagarriena, etziko jaialdia izango da.Aurretik lehenengo urratsak ematen hasita baldin bazegoen ere, 1966ko abenduar...
Kresala Kultur Elkarteak egitarau oparoa osatu du 50. urteurrena ospatzeko. Azaroaren 13a bitartean, hainbat ekitaldi egingo dituzte; aipagarriena, etziko jaialdia izango da.
Aurretik lehenengo urratsak ematen hasita baldin bazegoen ere, 1966ko abenduaren 20an eratu zen legalki Kresala Kultur Elkartea, legalizatzeko beharretan hiru urte luze egin ondoren.Eta urteurren berezia ospatze aldera, egitarau zabala antolatu du Kresalak. Azaroaren 13ra bitartean erakusketa, hitzaldia, liburu eta DVDaren aurkezpena, jaialdia, bertso saioa… eta beste hainbat ekitaldi egingo dituzte.
Tartean, elkartearen izatea eta ibilbidea jasotzen dituen Kresalak 50 urte erakusketa prestatu dute. Atzo inauguratu zuten, eta azaroaren 13ra bitartean, askotariko materiala egongo da ikusgai. Besteak beste, danborradako kapak eta eramandako itsasgarrien bilduma, argazki zaha- rrak, bandako kideen jantziak, Kortxeleko mamuen jantziak eta osagarriak, egunkarietan eta aldizkarietan argitaratuko hainbat kontu, dantzarien jantziak, inauterietako pertsonaiak… eta beste hainbat material ere ikusgai egongo dira.
Ikus-entzunezkoak ere badauka bere tartea. «Liburua osatzeko herritarrek utzi dizkiguten ehunka argazki batu ditugu, eta horien aukeraketa bat ere bertan proiektatuko dugu, prestatu dugun dokumentalagaz batera. Urte hauetan guztietan material gehiago ere jaso dugu, eta tartean-tartean, horiek ere proiektatzen joango gara», azaldu dute Kresalakoek.
Sorta berezia
Gaur iluntzean, ostera, Azken 50 urteetan euskararen eta euskal kulturaren bilakaera Euskal Herrian hitzaldia eskainiko du Xabier Amurizak, Kofradia Zaharreko 3. solairuan.
Bihar, berriz, 50. urteurrenerako propio prestatutako liburu eta DVDaren aurkezpen ekitaldia egingo dute udal erakusketa aretoan. «Kresalaren izatea eta bilakera jaso ditugu bertan. Horrekin batera, azken 50 urteotako Ondarroaren izatea dokumental baten bitartez ere irudikatzen saiatu gara».
200 bat orrialde dituen liburuan elkartearen ibilbidea jaso dute era laburtu batean. Horretarako, hamaika argazki erabili dituzte. Sorta berean, gainera, hainbat testigantza jaso dituzte, 29 minutuko dokumentalean. «Imanol Oruemazaga Kresalari buruzko material bat batzen hasita zegoen, eta oso ondo etorri zaigu. Taldea zelan osatu eta legalizatu zen, esate baterako, Oruemazagak zuen jasota bai idatziz, baita irudi aldetik ere. Bilduma ederra zuen eginda, eta lan horri jarraipena eman diogu».
Sortari dagokionez, erakusketa zabalik dagoen egunetan liburua eta DVDa bertan erosi ahal izango dute herritarrek, 20 euroren truke.
Jaialdia ere bai
Urteurrenagaz lotutako ospakizun nagusia, aldiz, etzi iluntzean egingo dute Zaldupe kiroldegian. 50. urteurrena ospatzeko ezustekoz betetako jaialdia prestatu dute Kresalakoek. Askorik aurreratu ez baldin badute ere, garai bateko bandako kideak eta dantzariak batuko dituzte oholtza gainean.
Jaialdia 19:00etan hasiko baldin bada ere, aurretik herria girotzen ibiliko direla aurreratu dute. 18:00etan, Artabideko egoitza nagusitik kalejiran irtengo dute gaiteroek, bandako musikariek, txistulariek eta dantzariek. Kalez kale giroa berotzen ibiliko dira, eta Zaldupera ailegatu aurretik, hiru geldialdi egingo dituzte. Alamedan, Alde Zaharrean eta Zaldupe inguruan dantza saio bana eskainiko dute.
50. urteurrenaren ospakizunekin amaitzeko Santi ipuin kontalariaren saioaz gozatzeko aukera ekarriko dute datorren astean. Azaroaren 13an, berriz, bertso saio berezia egingo dute erakusketa aretoan.