Santa Luzian 15.875 metro koadroko parkea inauguratu dute
Alkateagaz batera, Urremendi baserriko Manu Foruriak moztu du zinta. Komunak zabalduko dituzte laster. 680.000 euroko inbertsioa egin du udalakJesus Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak eta haren gobernuko kideek Santa Luzia auzoko parkea inauguratu z...
Alkateagaz batera, Urremendi baserriko Manu Foruriak moztu du zinta. Komunak zabalduko dituzte laster. 680.000 euroko inbertsioa egin du udalak
Jesus Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak eta haren gobernuko kideek Santa Luzia auzoko parkea inauguratu zuten zapatuan. XVI. mendeko baselizan meza entzun ostean, 13:00ak inguruan hasi zen inaugurazio ekitaldia.Parkeak auzoari zein herriari «kalitatea» ematen diola nabarmendu zuen Gorroñok. «Gure helburua gure herria lehenengo mailakoa izatea da, gure herrian gustura eta harro egoteko». Horregatik, udalaren inbertsioak herrigunean zein beste auzoetan burutzen dituztela esan zuen.
Parke ederra geratu dela azpimarratu zuen alkateak, eta ume, gazte zein nagusiek ondo pasatzeko lekua dela zehaztu zuen: «Auzoan bizi diren 2.438 pertsonek zein gainontzeko gernikarrek gozatzeko gunea da».
Udaleko kideekin batera, auzotar asko batu ziren eguerdiko ekitaldian. Gorroñok eta auzoko Urremendi baserriko Maru Foruriak moztu zuten zinta. Ondoren, aurreskua dantzatu, eta herriko jubilatuen elkarteko Gure Arbola Zaharra abesbatzeko kideen kantu emanaldiagaz borobildu zuten inaugurazioa.
Hoff edo Siedlung
15.875 metro koadroko berdegunea elkarlotuta dauden hiru zatik osatzen dute. Horietan jesarlekuak, umeentzako jolas gunea, hamalau ur txorrotadun iturrik, Ereñoko harrobiko harriagaz egindako ehunka urteko iturria edota jateko zein paseatzeko lekuak egokitu dituzte. Horretarako, 680.000 euroko inbertsioa egin du udalak.
Aspaldiko eskola eta ermitaren inguruko landak herritarrentzako «baliagarriak bilakatu», eta inguruko zerbitzuak «hobetu» asmoz burutu dituzte lanak.
Hain zuzen ere, eskola eta ermita ere zaharberritu dituzte, eta horretarako, 30.000 euro inguruko aurrekontua izan dute. Ermitaren alboan komunak egingo dituzte laster, eta ermitako zein eskolako kanpoaldeak konpondu egin dituzte: margotu, leiho berriak ipini…
Gernika-Lumoko alkateak zapatuan azaldu zuenez, gaurtik aurrera eskola zaharra zabalik egongo da arratsaldetan. Bertako jubilatu eta pentsiodunen erabilerarako zabalduko dute, 15:00etatik 21:00etara.
Parkean inguruko bereizgarri den hariztia mantendu du udalak, eta horniketa, ureztatze eta argiteri publikoko sareak berritu ditu. Lanak hasi aurretik inguruak zuen itxura guztiz aldatu dute. Gernika-Lumoko Udalak hoff vienarra edo siedlung alemana joeren arabera egituratu du berdegunea; etxebizitzen eta parkearen artean osotasuna eta armonia bilatuz.
Desadostasunak
Udalak Santa Luziako berdegunearen proiektua aurkeztu zuenean, eztabaida sortu zen herrian. Zenbait auzotarrek eta Gernika-Lumoko EH Bilduk proiektuagaz ados ez zeudela adierazi zuten, hura egiterakoan herritarren parte hartzerik ez zela egon salatuz. Besteak beste, gune estalien beharra aldarrikatu, eta eskola zaharraren erabilera auzotarrekin eztabaidatzeko eta adosteko eskatu zuten.
Inaugurazioaren harira, koalizoak adierazi du Gernika-Lumoko udal gobernuak auzotarrekin jesarri eta denen artean erantzun integral bat emateko «itzelezko» aukera galdu duela: «Berriz ere bulego itxietan hartu dira herriarenak diren erabakiak. Zaharren, gazteen eta umeen beharrizanak kontuan hartzeko aukera eduki du udalak, eta ez du aprobexatu nahi izan».
Diotenez, auzorako proiektua elkarregaz lantzeko eskariak ez dira falta izan, ezta proposamen «zehatz eta errealistak» ere. Eta, borondate falta leporatzen diote udalari: «Auzoari beste bizitza bat emateko aukera aprobetxatu baino, postaletan saltzeko parkea egitea nahiago izan du».