Lehenengo faseko helburuak bete ditu Geuk eus kanpainak
Kanpainagaz aurrera egitea «ezinbestekoa» dela uste dute. Euskararen inguruko diskurtsoa berritu beharra dagoela eta, horretan jarriko dute indarra orainMaiatzeko Arrain Azokan abiarazi zen Geuk eus euskaraz bizitzeko 1.000 arrazoi kanpaina. Leheneng...
Kanpainagaz aurrera egitea «ezinbestekoa» dela uste dute. Euskararen inguruko diskurtsoa berritu beharra dagoela eta, horretan jarriko dute indarra orain
Maiatzeko Arrain Azokan abiarazi zen Geuk eus euskaraz bizitzeko 1.000 arrazoi kanpaina. Lehenengo fasea amaitutzat eman dute, eta balorazio «oso positiboa» egin dute. Bermeoko Udaleko euskara zinegotzi Juan Karlos Agirrek esan duenez, «finkatutako helburuak bete dira».1.000 herritarrek euskaraz egiteko dituzten arrazoiak azaltzea dute helburu, eta hori lortze aldera, «bide onean» doazela esan du Agirrek, «erdia lortu baitute».
Arrain Azokan, sanjoanetan, madalenetan, San Roke jaietan eta Andra Mari jaietako sukalki egunean eta txosnetako tortilla txapelketan jarri dute kanpainarako bereziki prestatutako bideo-photocall karpa. Euria gogor egin zuen egunean ez ezik, karpak ondo funtzionatu duela azaldu du Agirrek.
Erronka berriak
Bideo eta argazkiak www.bermeo-euskaraz.eus webgunean ikus daitezke, eta sare sozialen bitartez zabaldu dituzte, bisita «asko eta asko» eduki dituztela nabarmenduta. Facebooken, esaterako, 36.650 bideo ikustaldi izan dira.
Lehenengo fasea amaituta, kanpainagaz aurrera jarraitzea «ezinbestekoa» dela diote. Orain, baina, erronka berriak dituzte. «Orain arte egindako lanagaz ondorio batzuk atera ditugu, eta horiek lantzen jarriko ditugu indarrak orain», esan du euskara zinegotziak. Diskurtsoa berritu beharra dagoela uste dute, sarri euskarari buruz erabiltzen den diskurtsoa serioegia dela iritzita ; «zama arintzeko ahalegina egin beharko litzateke».
Erronka berria, hortaz, diskurtso berria osatzen joatea eta sozializatzeko moduak, eragileak eta uneak zehaztea izango dela jakinarazi du. Azaroaren 26an Miñe Lamiñe ekitaldian, parte hartzaileek horretaz berba egiteko aukera edukiko dute; izan ere, diskurtso aproposak aztertu gura dituzte herritarrekin batera egiten den ekitaldi horretan.
Era berean, orain arte kanpainan izandako emaitzak kontuan hartuta, Geuk eus bideo-photocall karparekin jarraitzeko asmoa dute, «jendearengana iristeko modu erakargarria delako». Hala, azaroaren 13an egingo den San Martin azokan presente egongo dela esan du.