Inurritegia prozesua landuko dute Ernaiko kideek datozen hileotan
Herritarren zerbitzura ariko den estatu «propio eta duina» eraikitzeko bidean mugarri izan nahi du. Herriz herri burutuko dute prozesua, eta apirilean kongresua egingo duteErnaiko gazteek herritarren nahiz gazteen zerbitzura ariko den «estatu propio...
Herritarren zerbitzura ariko den estatu «propio eta duina» eraikitzeko bidean mugarri izan nahi du. Herriz herri burutuko dute prozesua, eta apirilean kongresua egingo dute
Ernaiko gazteek herritarren nahiz gazteen zerbitzura ariko den «estatu propioa eta duina» eraikitzeko bidean «mugarri» izango den Inurritegia prozesua aurkeztu zuten zapatu eguerdian, Gernika-Lumoko Astran.«Gure nahiei eta beharrizanei erantzungo dien estatu eta herri eredu propio eta duina eraikitzera goaz», zehaztu zuten.
Euskal Herri aske, sozialista eta feminista aldarrikatzeagaz batera, euskal gazteriari eztabaidan parte hartzeko eta denen artean orain eta etorkizun duin bat eraikitzeko deia luzatu zieten.
«Rajoi presidente egingo duten egunean gazteok ernai jarraitzen dugu; gazteok ernai gaude, eta egun ona da Periko Solabarria 87 urtegaz bere burua Ernaiko kidetzat zuen militante eredugarri eta maitagarriak esandakoa gogora ekartzeko eta lau haizetara zabaltzeko. Ez badigute ametsik egiten uzten, ez diegu lorik egiten utziko», adierazi zuten.
Garaipenaren belaunaldia
Lanari ekiteko, lanean jarraitzeko unea dela deritzote: «Gaurtik guztiona da ardura. Goazen lanera, kalera, hormak margotzera, eztabaidatzera, entzutera eta batez ere borrokara. Lanera, lanera eta lanera. Garaipenaren belaunaldia gara, eta irabaztera goaz».
Euskal Herri osotik etorritako ehunka gazte batu ziren Astran. Zutik jarrita, Eusko Gudariak abestuz borobildu zuten aurkezpen ekitaldia.
Prozesuaren aurkezpenerako ikus-entzunezkoa prestatu zuten, eta ekitaldia amaitu ostean, taldeka banatuta, Iñurritegia prozesuko materiala jaso zuten.
Inurritegia Ernaiko II. Kongresu Prozesua herriz herri eta auzoz auzo burutuko dutela jakitera eman zuten Gernika-Lumon egindako agerraldian.
Ezker Abertzaleko Abian prozesuaren ostean, gazte antolakundeak bere egin ditu hartutako erabakiak.
Ernai sortu zutenean lau urterako «lehen fasea» diseinatu zuten, eta ekin berri dutena bigarrena da.
Oraingo honetan hiru gai nagusi izango dituzte esku artean: Abian-en ondorioen inplementazioa, gazte estrategiaren berregokitzea eta antolakuntza eta funtzionamendua.
Prozesu independentista martxan jartzeko hausnarketa sakona egitea ezinbestekotzat jo dute: «Gazte problematikari erantzuteko gazte estrategia eraginkortu eta birdefinitzera goaz».
Hausnarketa
Gazte antolakunde eraginkorra izateko dituzten hutsuneak hausnartu, egindako akatsak konpondu, eta ondo egindakoak hobetzeko konpromisoa berretsi zuten Astran Ernaiko ordezkariek.
Hain zuzen ere, horretarako, prozesu kongresu horretan antolakuntza zein funtzionamenduaren inguruan erabakiak hartuko dituzte, besteak beste.