Gaztelugatxeko kostaldea garbituko dute auzolanean
Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak antolatuta, eta Eusko Jaurlartzaren Ingurumen sailaren laguntzagaz, Gaztelugatxeko kostaldea hondakinez garbitzeko boluntario jardunaldia antolatu dute zapaturako.Jardueraren helburua kala horretara itsasoak ekarr...
Jardueraren helburua kala horretara itsasoak ekarritako hondakin guztiak kentzea da; botilak, kutxak, plastikoak, sareak eta sokak, besteren artean. Bestalde, ekimen horregaz euskal kostaldean hain berezia den Gaztelugatxeren ingurumen-balioa eta bere paisaiaren balioa zaintzen eta mantentzen lagundu gura da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, aipatu boluntario jardunaldian edozein lagunek parte har dezake; parte hartzaileek, hala ere, kontuan eduki beharko dute kala harritsu batean lanean ibiliko direla.
Itsasbeheragaz lan
Zapatuan, 09:30ean jarri dute ordua Eneperi jatetxearen aparkalekuan. Diotenez, itsasbehera aprobetxatuta egingo dituzte garbiketa lanak.
Zenbait azalpen eman ostean, garbitu beharreko lekura oinez jaitsiko dira, eskularruak eta poltsak banatuko dituzte, eta taldeetan antolatuta hasiko dira lanean boluntarioak.
Kalaren zailtasuna kontuan izanda, zakuetan jasotzen dituzten hondakinak eskuz esku osatutako giza kate baten bitartez aterako dituzte amaieran, haitzetatik errepidera. Ondoren, hondakinen edukiontzi batera eroango dituztela jakinarazi dute.
Materiala eta garraioa antolatzeko eta derrigorrezko asegurua egiteko, parte hartu gura duten horiek ezinbestekoa dute aurretiaz izena ematea. Biharko 18:30ak baino lehenago eman beharko da izena, info@lurgaia.org-era idatzita. Izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono bat utzi beharko dituzte boluntarioek.
Arropa eta oinetako erosoak eroatea gomendatzen dute antolatzaileek, hau da, labaintzen ez dutenak eta busti daitezkeenak.