790 gazte paellerei tiraka
Gernika-Lumoko eta inguruetako ehunka gaztek ospatu zuten zapatuan Astelehentxutxu. Merkatu Plazan lehenengo, eta Pasealekuan gero, giro ederra sortu zuten beste urte batez.Paellerak hartu, eta Urriko Azken Astelehenaren atarian, Astelehentxutxu ospatu...
Gernika-Lumoko eta inguruetako ehunka gaztek ospatu zuten zapatuan Astelehentxutxu. Merkatu Plazan lehenengo, eta Pasealekuan gero, giro ederra sortu zuten beste urte batez.
Paellerak hartu, eta Urriko Azken Astelehenaren atarian, Astelehentxutxu ospatu zuten zapatuan, Gernika-Lumon. Eguerditik jai giro ederra sortu zuten udalerriko zein inguruetako gazteek.Antolatzaileen berbetan, 790 pertsona inguru ibili ziren paellak prestatzen, eta betiko legez, elkarregaz bazkaldu zuten Merkatu Plazan. Egunez zein gauez, baina, beste gazte asko eta asko elkartu ziren Gernika-Lumoko kaleetan Astelehentxutxu ospatzeko aitzakiagaz.
Eguerdian, paellarik gozoena prestatzeko fin ibili ziren kuadrillak. Bazkalostean, prestaketa gunea garbitu, eta sari banaketa ekitaldia egin zuten.
62 paella aurkeztu dituzte aurten, eta denetan onena Elizondo txoko kuadrillarena dela erabaki zuten epaimahaikideek.
Tsifu izeneko 48 zenbakidun paella sailkatu zen bigarren, eta Kañoibiko kuadrillak jaso zuen hirugarren saria. Muskitza eta Nias paellak sailkatu ziren laugarren eta bosgarren, hurrenez hurren. Bestalde, Eguzkilore kuadrillaren paella izan zen eskasena epaimahaikideen iritziz. Guztientzako sariak egon ziren, eta kuadrillak barre algara artean jaso zituzten sariak.
Garbiketari dagokionez, orokorrean, kuadrilla gehienek arduraz jokatu zutela adierazi dute antolatzaileek: «Prestaketa gunea oso garbi geratu da».
Sariak banatuta, mus, briska eta Beer-Pong txapelketak jokatu zituzten. Briska txapelketan 21 bikotek izena eman zuten, eta musean, berriz, hamabost bikote aritu ziren. Halaber, lehenengoz egin duten Beer-Pong txapelketak arrakasta izan zuen; 37 bikote animatu ziren uragaz jolastera. Gero, Pasealekura joan aurretik Playback txapelketa lehiatu zuten hamazazpi taldek.
Jarraian, Merkatu Plazatik Pasealekurako bidean, poteo girotuan batu ziren, eta gauean, jende asko egon zen Pasealekuan Laukaturen, Belatzen eta Xaiborren emanaldietan.