140.000 pertsona bildu ditu Urriko Azken Astelehenak
Eguraldi onak lagunduta, giro ederrean igaro da Gernika-Lumoko azoka handia. Nekazal produktuen sari banaketan iazko irabazle askok errepikatu dute aurten ereUdalak 140.000 bisitari zenbatu ditu aurtengo Urriko Azken Asteleheneko nekazal azokan, iaz ba...
Eguraldi onak lagunduta, giro ederrean igaro da Gernika-Lumoko azoka handia. Nekazal produktuen sari banaketan iazko irabazle askok errepikatu dute aurten ere
Udalak 140.000 bisitari zenbatu ditu aurtengo Urriko Azken Asteleheneko nekazal azokan, iaz baino 30.000 gehiago. Eguraldi onak eta jai egunaren bezperak bisitari kopuru handi hori lortzen lagundu du. Giroa goizetik hasi zen atzo, 09:00etan herriko kaleetan banatuta zeuden 332 postuak zabaldu zituzten ordutik. Iaz baino hemeretzi postu gehiago egon dira aurten.Iñaki Gorroño Gernika-Lumoko Udaleko azoka zinegotziak egunaren balantze oso positiboa egin zuen, bai bisitarien kopuruari eta egunean egon zen giroari erreferentzia eginez.
«Eguraldi onak eta jai egunak lagunduta, aurten jende asko dabil, eta ekarri dugun dena saltzea espero dugu», adierazi zuen Leire Belaustegi 2016ko Euskal Pastelgile Txapelketaren irabazleak.
Foruko Maria Luisa Urrestarazuk ere giro ederra egon zela adierazi zuen; hala eta ere, goizean salmentak gutxi izan ziren arren, arratsaldean hobetzeko itxaropena zuela adierazi zuen.
Baserrirako makinaria erakusketak ere egin zituzten Adolfo Urioste kaleko postuetan, eta 12:00etan, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Jone Uria bertsolariek hartu zuten tokia.
Beste alde batetik, Merkurio iturriaren parean zegoen jendetzaren arreta bereganatu zuten Lobak taldeko kideek. Gu ere errefuxiatuak izan ginen lelopean errefuxiatuen gaur egungo egoera salatu zuten, haiek bizi duten egoeraren antzezpen baten bidez.
Sari banaketa
Urtero modura, nekazal produktu onenak ekarri zituzten ekoizleen lana aitortu zuten atzo. Aurten ere Gernika-Lumoko Udaleko ordezkariek eta BBK-ko ordezkariek eman zituzten hamaika sariak.
Irabazle guztien artean 3.000 eurotik gorako diru-sariak banatu zituzten.
Iazko produkturik onenen sailkapenagaz alderatuta, aldaketa gutxi egon zen atzoko lehen sailkatuen artean. Eskualdetik Mari Carmen Altzibar Gernikarrak lore onenak aurkeztu zituen eta Javier Larrinaga kortezubiarrak txilar eztiaren saririk onena errepikatu zuen.
Jose Benito Beobide ezti epaile lanetan egon zen, eta milalora eta txilar eztiak epaitzen egon zirela zehaztu zuen. «Erlauntz zatiak, aparra, kolorea… eta horrelako gauzak hartzen ditugu kontuan puntuaziorako», azaldu zuen.
Sari banaketa egin ostean, 13:30ean, hainbeste jende biltzen duen gazta enkantea egin zuten Merkurio Iturrian.
Aurtengo gaztarik onenak Gipuzkoakoak izan dira: irabazlea Olabarriko Aizpea izan zen, bigarrena Mutrikuko Goienetxe eta Galarretako Azkarra izan zen hirugarrena.
Jose Mari Ustarroz Idiazabal Jatorrizko Izendapeneko lehendakariak aurten 33 gazta aurkeztu direla esan zuen: «Kalitate handiko produktuak ekarri dituzte aurten. Epaileek lana izan dute, nahikoa parekatuta egon direlako, batez ere lehen hiru gazten kasuan».
Gaztaren enkantearen ostean, La Cuadri del Hospi elkarteko ordezkariak igo ziren oholtzara, Fito abeslariak lagunduta, eta haren Harley Dawinsona zozkatu zuten. 14.526 zenbakia izan zen sariduna, baina irabazlea ez zen bertan agertu. Umeen minbizia ikertzearen elkarteko kideek zozketan parte hartu zuten guztiei eskerrak eman zizkieten.
Arratsaldean
Giro onak arratsaldean eta iluntzean jarraituko zuen, kirol eta musika ekintzekin.
18:00etan pilota eta zesta partidak egon ziren, Santanape kiroldegian eta Jai Alai frontoian, hurrenez hurren.
Astran, berriz, Porru Festa ere egin zuten; 18:00etatik aurrera DJ Bull, DJ Gure Festa eta DJ Kool Thing egon ziren.