Ernaiko gazteek herritarren nahiz gazteen zerbitzura ariko den “estatu propioa eta duina” eraikitzeko bidean “mugarri” izango den prozesua aurkeztu dute eguerdian, Gernika-Lumon. “Gure nahiei eta beharrizanei erantzungo dien estatu eta herri eredu propio eta duina eraikitzera goaz”.
Euskal Herri aske, sozialista eta feminista aldarrikatzeagaz batera, euskal gazteriari eztabaidan parte hartzeko, eta denen artean orain eta etorkizun duin bat eraikitzeko deia luzatu diete.
“Rajoi presidente egingo duten egunean gazteok ernai jarraitzen dugu; gazteok ernai gaude, eta egun ona da Periko Solabarria 87 urterekin bere burua Ernaiko kidetzat zuen militante eredugarri eta maitagarriak esandakoa gogora ekartzeko eta lau haizetara zabaltzeko. Ez badigute ametsik egiten uzten, ez diegu lorik egiten utziko”, zehaztu dute.
Iñurritegia prozesua aurkeztu du Ernaik Astran
Lanari ekiteko, lanean jarraitzeko unea dela adierazi dute: “Gaurtik guztiona da ardura. Goazen lanera, kalera, hormak margotzera, eztabaidatzera, entzutera eta batez ere borrokara. Lanera, lanera eta lanera. Garaipenaren belaunaldia gara, eta irabaztera goaz”.
Euskal Herri osotik etorritako ehunka gazte batu dira Astran. Zutik jarrita
Eusko Gudariak abestuz borobildu dute aurkezpen ekitaldia.
Prozesuaren aurkezpenerako ikus-entzunezkoa prestatu dute, eta ekitaldia amaitu ostean, taldeka banatuta, Iñurritegia prozesuko materiala jaso dute.
Kongresua apirilean
Inurritegia, Ernaiko II. Kongresu Prozesua herriz herri eta auzoz auzo burutuko dutela jakitera eman dute. Ezker Abertzaleko ABIAN prozesuaren ostean, gazte antolakundeak bere egin ditu hartutako erabakiak.
Ernai sortu zutenean lau urterako “lehen fasea” diseinatu zuten, eta ekin berri dutena bigarren prozesua da. Horretan hiru gai nagusi izango dituzte: ABIANen ondorioen inplementazioa, gazte estrategiaren berregokitzea, eta antolakuntza eta funtzionamendua.
Prozesu independentista martxan jartzeko hausnarketa egitea ezinbestekoa dela deritzote: “Gazte problematikari erantzuteko gazte estrategia eraginkortu, eta birdefinitzera goaz”.
Gazte antolakunde eraginkorra izateko dituzten hutsuneak hausnartu, egindako akatsak konpondu, eta ondo egindakoak hobetzeko konpromisoa berretsi dute Ernaiko kideek. Horretarako, prozesu kongresuan antolakuntza zein funtzionamenduaren inguruan erabakiak hartuko dituzte.
EGUTEGIA:
- Urriak 29 – abenduak 31: Ekarpenak heralazteko aukera (zuzenean, email bidez edota batzar irekietan) eta edonork ponentzia bat idazteko aukera.
- Urriak 29 – urtarrilak 28: Herrietan prozesuaren aurkezpenak, militante hasiberriei sarrera, eta prozesuko parte hartzaileen zentsoa osatu.
- Urtarrilak 23: Ponentziak eta eranskinak publiko egin.
- Urtarrilak 23 – otsailak 4: Ponentzia hautatu.
- Otsailak 6 – martxoak 17: Ponentzien gaineko eztabaidak herrrietan (emendakinak).
- Martxoak 20 – martxoak 27: Emendakinen bozketa.
- Apirila: Kongresua.