Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak antolatuta, Eusko Jaurlartzaren Ingurumen sailaren laguntzagaz,
Gaztelugatxeko kostaldea hondakinez garbitzeko boluntario jardunaldia antolatu dute
azaroaren 5erako, zapaturako.
Boluntarioak iaz, Gaztelugatxen
Jardueraren helburua kala horretara itsasoak ekarritako hondakin guztiak kentzea da; botilak, kutxak, plastikoak, sareak eta sokak, besteren artean. Bestalde, ekimen horrekin euskal kostaldean hain berezia den Gaztelugatxeren ingurumen-balioa eta bere paisaiaren balioa zaintzen eta mantentzen lagundu gura da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, aipatu boluntario jardunaldian
edozein lagunek parte har dezake, parte hartzaileek, hala ere, kontutan eduki beharko dute kala harritsu batean lanean ibiliko direla.
Azaroaren 5eko garbiketa lanetan parte hartu gura duten horiek
Eneperi jatetxearen aparkalekuan egon beharko dute 09:30ean. Diotenez, itsasbehera aprobetxatuta egingo dituzte garbiketa lanak.
Lehenik eta behin, antolatzaileek itsasoaren kutsadurari buruzko zenbait azalpen emango dizkiete boluntarioei eta garbiketa lanak zelan egin beharko dituzten azalduko dute. Ondoren, garbitu beharreko lekura oinez jaitsiko dira, eskularruak eta poltsak banatuko dituzte eta taldeetan antolatuta hasiko dira lanean boluntarioak.
Kalaren zailtasuna kontuan izanda, zakuetan jasotzen dituzten hondakinak eskuz esku osatutako giza kate baten bitartez aterako dituzte amaieran, haitzetatik errepidera. Ondoren, hondakinen edukiontzi batera eroango dituztela jakinarazi dute eta Bermeoko Udala arduratuko da horiek hondakin geldoen zabortegira eroateaz.
Boluntario jardunaldia 14:30erako amaitzea aurreikusten dute. Denentzako ura eta jana banatuko dutela azaldu dute.
Arropa eta oinetako erosoak eroatea gomendatzen dute antolatzaileek, hau da, labaintzen ez dutenak eta busti daitezkeenak. Ordezko arropa, txanoa, eguzkitako gafak, krema eta edateko likidoa eroatea komeni dela azaldu dute.
Materiala eta garraioa antolatzeko eta derrigorrezko asegurua egiteko, parte hartu gura duten horiek ezinbestekoa dute aurretiaz izena ematea.
Azaroaren 3ko, 18:30ak baino lehen eman beharko da izena,
Info@lurgaia.org-era idatzita. 94-657 61 10 telefono zenbakira deituta edo 606 141 837 telefono zenbakira mezu bat bidalita ere eman daiteke izena. Izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono bat utzi beharko dute boluntarioek.
2015eko uztailean antzeko boluntario jardunaldi bat egin zuten eta 40 pertsonatik gora parte hartu zuten.