Belaunaldi berriek hartu dute Astelehentxutxu antolatzeko ardura
Urriko azken zapatuan ospatzen den Astelehentxutxu jaia antolatzeko ardura hartu dute 30 bat gaztek, lehen aldiz. Paella txapelketaz gain, ekimen berriak ere antolatu dituzteBeste urte batez, Astelehentxutxu ospatuko dute bihar, Urriko Azken Astelehena...
Urriko azken zapatuan ospatzen den Astelehentxutxu jaia antolatzeko ardura hartu dute 30 bat gaztek, lehen aldiz. Paella txapelketaz gain, ekimen berriak ere antolatu dituzte
Beste urte batez, Astelehentxutxu ospatuko dute bihar, Urriko Azken Astelehenaren aurrekari gisa. Urtero bezala, Merkatuko Plazan egin ohi den paella txapelketa eta zenbait ekintza prestatu dituzte, bertaratzen direnek ezin hobeto pasatzeko aukera eduki dezaten.Antolaketan dabiltzan gazteek diote aurten belaunaldi aldaketa egon dela: «30 bat gazte gaude antolaketa lanetan, baina iaz egon zirenetik bakarrik hiruk jarraitzen dute». Aipagarria da baita autengo antolatzaileen gaztetasuna, gehienek ez dituztelako 17 urte baino gehiago.
«Berria den jende asko etorri gara aurten, eta horri esker ideia berriak ere joan gara sartzen» diote. Hasiera batean, Astelehentxutxu ez ospatzeko mehatxua ere egon zela diote, ez zegoelako antolaketarako jende nahikorik. Hori ikusita, bideo bat egin zuten, paellera eta tresna guztiekin hutsik zegoen plazara heltzen zen gazte talde bategaz. «Hau da urte honetarako nahi duzuena?», galdetu zuten bideoan, eta eragina izan zuela adierazi dute, hurrengo batzarrera hamabost pertsona gehiago joan zirelako.
«Orain motibatuta gaude, jende berria gaudelako lanean, ideia berriekin…». Hala eta guztiz ere, hasieran pentsatutakoa baino lan gehiago dela onartzen dute, gainera, normalean bi hilabetean antolatzen diren ekintzak aurten hilabete bakarrean antolatu behar izan dituztela diote; hala eta ere, ilusioz ari lanean.
Aurtengo programan sartu dituzten berrikuntzen artean, Beer-Pong lehiaketa deigarria dago. Mahai batean, bi pertsonez osatutako talde bat aurrean daukan taldearen garagardoz betetako edalontzietan ahalik-eta ping-pong pilota kopuru handiena sartzen saiatuko da.
Bazkalostean jendea plazan gelditu dadin, ondo pasatzeko beste ekintza batzuk antolatu dituzte; besteak beste, briska, mus eta playback norgehiagokak egongo dira.
Selfie lehiaketa bat ere jarriko dute martxan jaiegunean, #txutxuesbuen traolaren bitartez sare sozialetan tartekatzeko. «Denak batuko ditugu, eta proiektore baten bitartez plazan jarriko ditugu, denek ikusi ahal izateko».
Iluntzean Pasealekura mugituko dute jai eremua, herriko taldeen kontzertuekin. 21:30etik aurrera, Laukatu eta Belatz taldeen kontzertua egongo da, eta horiek amaitzean, Xaiborrek girotuko du gaua.
Garkiketa, «denen ardura»
Aurreko urteetan, jaiaren ostean geratzen zen zikinkeria garbitzeko arazoak egon direla eta, aurten fiantza bat jartzea erabaki dute. Neurri horren bitartez, kuadrilla bakoitzak 20 euro eman beharko ditu izena ematean, eta jaia bukatzean dena garbi utziz gero, 20 euroak itzuliko dizkiete.
«Tristea da dirua jarri behar izatea, baina aurreko urteetan arazoak egon dira jendeak ez duelako garbiketan parte hartu», azaldu dute. Arduradun batzuek ziurtatuko dute garbiketa egoki egiten dela, eta dena ondo gelditzen denean, fiantza itzuli egingo da. «Denetarik entzun dugu, baina jende gehiena gugaz bat dator».
Hala eta guztiz ere, egun horren helburua Gernika-Lumoko eta inguruko herrietako gazteek elkar ezagutzea eta antolatzen diren ekintzen partaide izatea dela gogoratu nahi izan dute antolatzaileek.