Zinemarekiko maitasuna lau haizetara zabaltzen
Zinema mutrikuarrei hurbiltzeko nahiarekin, ikasturte berriko aurkezpena egin dute Zine Forum Taldekoek. Azaldu dutenez, programazio iraunkorra eduki nahi dute; horretarako, hilean behin proiekzio bana egingo dute.Mutrikuko Zine Forum Taldeko lagunek a...
Zinema mutrikuarrei hurbiltzeko nahiarekin, ikasturte berriko aurkezpena egin dute Zine Forum Taldekoek. Azaldu dutenez, programazio iraunkorra eduki nahi dute; horretarako, hilean behin proiekzio bana egingo dute.
Mutrikuko Zine Forum Taldeko lagunek aro berri bati ekin diote. Udaran atsedenaldia hartu eta gero, martxan dira berriro, eta zinema herritarrei hurbiltzeko helburuarekin, ikasturte berriko lehen hiru filmen aurkezpena egin dute.Programazio iraunkorra eduki nahi dute, hilean behin; hala, domeka iluntzeetan proiekzio bana eskainiko dute, doan, Zabiel Kultur Etxeko areto nagusian. Lehenengo filma aurreko domekan estreinatu zuten, eta hurrengo egingo diren bi emanaldietarako ere gogotsu daude. «Hasiera bateran, urrian, azaroan eta abenduan filma bana proiektatzea da gure asmoa».
Filmak aukeratzeko orduan gaiari ere erreparatzen diotela adierazi dute, eta hurrengo emanaldiei dagokienez, hilabete horretan herrian izango den interesguneren batekin lotuta egongo dela aurreratu dute. Azaroa- ren 20an, 19:00etan, esaterako, Emakumearen aurkako indarkeriaren aurkako ekimenekin lotuta, El color purpura filma proiektatuko dute. Abenduan, aldiz, Abendurock zikloaren baitan, musikarekin lotutakoa izango da.
Probaldia
Lehenengo hiru hilabeteak proba modura egitea erabaki dutela azpimarratu dute, eta hurrengo urtean ere ildo beretik jarraitzeko asmoa badute ere, geldialdi txiki bat egin, eta hartu beharreko erabakiak hartuko dituzte urte berriari begira. «Urtarrilean beste deialdi bat egingo dugu, eta bertan, hurrengo hileetarako nahi dugun programazioa aurkezteko asmoa dugu. Lehen hiruhilabetea zelan joan den ikusi eta baloratu nahi dugu lehendabizi».
Gaineratu dutenez, taldeak zinema gustuko duen jende gehiagoren beharra dauka. «Oso jende gutxi gara, eta gurekin batera taldean parte hartu nahi dutenentzako ateak zabalik ditugu. Proiekzio batera etorri besterik ez duzue gurekin harremanetan jartzeko».