Zaintzaileei laguntzeko tresnak dakartza Zainduz programak
Beste urte batez menpekotasunen bat duten zaintzaileentzat hitzaldi eta tailerrak prestatu dituzte. Besteak beste, etxez etxeko prestakuntza saioak burutuko dituzteBosgarren urtez jarraian, Zainduz programa zaintzaileei orientabidea eta laguntza ematek...
Beste urte batez menpekotasunen bat duten zaintzaileentzat hitzaldi eta tailerrak prestatu dituzte. Besteak beste, etxez etxeko prestakuntza saioak burutuko dituzte
Bosgarren urtez jarraian, Zainduz programa zaintzaileei orientabidea eta laguntza emateko baliabidea izango da. Aurten ere informazioa, aholkularitza eta laguntza psikologikoa eskaintzeko programa prestatu dute. «Mendekotasunen bat duten pertsonen familiarteko zaintzaileei arreta eta laguntza eman asmoz, norbere buruaren zaintzak duen garrantziaz jabetu eta zaintza lana errazteko teknikak landuko ditugu aurten ere», esan du Ana Hormaetxe Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen presidenteak.Aurreko ekitaldietan jasotako erantzuna oso ona izan dela nabarmendu du Nerea Llantada Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko kideak. Aurreko ikasturtean egindako 15 hitzaldietan 246 pertsonak parte hartu zuten. Bestalde, etxerik etxe egiten duten prestakuntza ikastaroa 50 eskualdeko herritarrek burutu zuten.
Hain zuzen ere, Zainduz-en bitartez herritarrak gizarte zerbitzuetara hurbiltzea lortzen dutela azpimarratu du Llantadak. «Hitzaldietara datoz, programan parte hartzen dute, eta informazioa edota laguntza behar badute guregana jotzen dute».
Zaintzailearen profila ere aldatzen doala azaldu dute, gero eta gazteagoa dela, eta horregatik, haien eskariari erantzunez, informazio kanpainaren barruan, web orrialde edo blog baten bitartez zaintzaileei informazioa emateko asmoa dute.
Azaroko hitzaldiak
Aurtengo ikasturteari dagokionez, azaroko eguazten guztietan zaintzaileentzako saioak egingo dituzte, Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Lau hitzaldi eta tailer bat prestatu dituzte. Lehenengoan zaintzarako oinarrizko teknikak landuko dituzte, eta ikasitakoa praktikan jartzeko etxean mugitzeko arazoak dituzten pertsonen zaintzaileei teknikak azaldu eta gomendioak emango dizkiete azaroaren 9ko tailerrean.
Mankomunitatea osatzen duten herrietako eragileekin, zinegotziekin eta osasun zerbitzuetako langileekin lankidetzan jardun direla azaldu, eta haien laguntza eskertu dute. Batez ere Osakidetzako profesionalekin eduki duten hartu-emana nabarmendu du.
Esate baterako, hitzaldiak herriko mediku eta erizainek eman dituzte: «Haiek ondo ezagutzen dute herri bakoitzeko errealitatea zein den, eta gaiak aukeratzen lagundu digute. Horregaz batera, Zainduz-en parte hartzeko animatzeko herritarren artean informazioa zabaltzen lan handia egin dute».
Hain zuzen ere, aurreko ikasturteetan moduan, osasun tailerrak prestatuko dituzte oraingoan ere. Momentuz, bi hitzaldi antolatu dituzte, eta lehenengoa gaur izango da Mundakan. 18:30ean hasita, lege aholkularitzari buruzko saioa egingo dute Tribisarrospe kultur etxean. Besteak beste, ezgaitasunei, testamentuei edota herentziei buruzko azalpenak emango dituzte.
Azaroaren 10ean, berriz, lehen sorospenen inguruko berbaldia egongo da Arratzun, Loiolako kultur etxean, 18:30ean.
Llantadaren berbetan, zaintzaileek etxez etxeko prestakuntza zerbitzua asko eskertzen dute. Horretan sei saio egiten dituzte. Lehenengoan eta azkenean gizarte langileak zaintzaileei irizpide eta aholkuak ematen dizkiete, horien zaintza lana errazteko. Beste lau saioak fisioterapeuta bategaz egiten dituzte. Hark oinarrizko gauza praktikoak erakusten dizkiete: masaje txikiak, oztopo arkitektonikoak saihesteko neurriak…
Bestalde, laguntza pertsonalizatua behar duten zaintzaileentzako banakako saioak egiten jarraituko dute, psikologo baten laguntzagaz. Era berean, laguntza taldeak osatu, eta abenduan martxan jartzeko asmoa daukate. Horietan zaintzaileak batu, eta askatzeko, elkarregaz hitz egiteko edota jarraibideak jasotzeko tartea hartuko dute.