Ume eta nagusiak gura dituzte ziklokros egunean
Seigarren urtez jarraian, Udalaren Kirol Patronatuak eta Bermeo Txirrindulari taldeak ziklokros eguna antolatu dute domekarako, eta ume eta nagusiek parte hartzea espero dute antolatzaileek.Ohi legez, Burujabetasun zelaian (kanposantuaren ondoan) eging...
Ohi legez, Burujabetasun zelaian (kanposantuaren ondoan) egingo dute ziklokros eguna, 11:00etan hasita. Hala ere, adin guztietako herritarrei zuzendutako proba izanik, sei lasterketa antolatu dituzte, adinaren arabera banatuta: LH 5 eta 6 mailako ikasleak izango dira lehenengoak, 11:00etan hasiko dira; 11:30ean abiatuko dira LH 3 eta 4 mailakoak; LH 2. mailakoek 11:50ean daukate hitzordua; 12:05ean, berriz, LH 1. mailakoen txanda izango da; eta DBH 1,2, 3 eta 4. mailakoek eta nagusiek 12:15ean egon beharko dute irteera lerroan.
Aurreko urteetan modura, parte hartzaile bakoitzak bere kaskoa eroan beharko du, eta kaskoaren erabilera derrigorrezkoa izango dela eman dute jakitera antolatzaileek.
Eskumuturreko bana
Ziklokros egunean parte hartu gura duten ikasleek beraien ikastetxean eman beharko dute izena. Nagusiek, berriz, Araneko kiroldegian egin beharko dute. Izan ere, domekan bertan ezingo da izenik eman.
Izena ematerako orduan, parte hartzaile bakoitzak eskumuturreko bat jasoko du, lasterketa egunean eroan beharko duena. Nagusiek kiroldegian bertan hartu beharko dute eskumuturrekoa; ikasleek, berriz, ikastetxeetan jasoko dituzte.
Antolatzaileek azaldu dutenez, lasterketa amaitzerakoan parte hartzaileek Araneko kiroldegian dutxatzeko aukera edukiko dute.
Irune Ormaetxea kirol zinegotziak adierazitakoaren arabera, «ziklokros egunagaz herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea da asmoa, bai eta osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea ere».
Iaz 173 txirrindularik parte hartu zuten ziklokros egunean. Aurten ere, parte hartzaile kopuru antzerakoa izatea espero dutela esan du kirol zinegotziak. Hala, ume, gazte eta nagusi guztiak animatu gura izan dituzte domekako kirol jardueran parte hartzera.