Puntisten urratsak jarraituko dituzte etzi, Markina-Xemeinen
2016ko Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, zesta-puntak eta puntistek mundu osoan eduki duten hedapenaz eta garrantziaz jabetzeko hainbat jarduera egongo dira etzi aukeran, Markina-Xemeinen.Hasteko, 11:00etan, hitzaldia egongo da Migel Angel Bilba...
Hasteko, 11:00etan, hitzaldia egongo da Migel Angel Bilbaoren eskutik. Zesta-puntaren eta zestalarien ibilbidea ikertu, jarraitu eta liburuetan ere jaso du Bilbaok, eta kirol horren jatorriak, nazioarteko hedapena eta zestalarien eta horien familien bizimodua azalduko ditu; zestalariak hainbat herrialdetako estatu-kolpe, gerra eta iraultzen lekuko izan direla, besteak beste.
Erakusketa
Hitzaldia amaitutakoan, zestalarien argazkien, materialen eta jantzien erakusketa zabalduko dute Pilotaren Unibertsitatea legez ezagutzen den herriko frontoi nagusian. Bost kontinenteetan sakabanaturik egon ziren frontoietako argazkiak, pilotari taldeenak, partidak eta puntisten bizimodua jasotzen duten irudiez jantziko dute frontoia. Horrez gain, pilotak eta zestak zelan egiten diren ikusteko aukera egongo da. Muntaiaren prozesu osoa azalduko dute, bertatik bertara, zesta eta pilota egileek, materialetatik hasi eta zestak eta pilotak eskuan eduki arte.
Amaitzeko, zesta-puntako erakustaldia egongo da. Lehenengo, kiniela bat jokatuko dute 8 eta 9 urte bitarteko umeek, eta ondoren, nagusiak aterako dira kantxara, partida bat jokatzeko.