Kulturgunea eta Beko Zubiko parkea inauguratuko dituzte etzi
Ziortza-Bolibarko udal gobernuaren erronka nagusietako bat inauguratuko dute zapatu arratsaldean. Aspalditik zeukaten proiektua gauzatuta, Kulturgunea zabalduko dute.Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkatearen berbetan, ludoteka izan arren, liburutegi b...
Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkatearen berbetan, ludoteka izan arren, liburutegi bat izateko eta kultur ekitaldiak egiteko espazio baten beharra eduki dute, eta haiena bezalako herri txiki batean kulturan inbertitzea «ezinbestekoa» dela nabarmendu du.
Zapatuko inaugurazio ekitaldian Kulturgunearen nondik norakoak kontatuko dizkiete herritarrei. Besteak beste, liburutegiaren funtzionamendua eta erabilera sistema azalduko diete bertaratzen diren guztiei.
Jai giroan burutu gura izan dute inaugurazioa, eta kulturguneagaz batera, Beko Zubiko parkea ere aurkeztuko dute.
«Herrian erabilerarik barik egon diren bi leku aprobetxatu ditugu. Batetik pisu bat, eta bestetik askok zabortegi modura erabiltzen zuten zelaia», azaldu du Garrok.
Kalejiran egingo dute Kulturgunetik parkerainoko bidea, eta han luntxa izango dute bertaratzen diren guztientzat.
Aisialdiaz naturan gozatzearen garrantzia azpimarratu du Ziortza-Bolibarko alkateak, eta horregaz batera, ume, gazte zein helduentzako gune aproposa dela adierazi du.
Gimnasia egiteko lau makina eta egurrezko mahaiak eta jesarlekuak jarri, eta parean duen errekara sartzeko bi pasabide egin dituzte: «Orain ohitura galduta dago, baina lehenago normala zen ume eta gaztetxoak errekan jolasten ikustea».