Bosgarren urtez jarraian, orientabidea eta laguntza emateko baliabidea izateaz gain, informazioa, aholkularitza eta laguntza psikologikoa eskaintzeko programa prestatu dute.
“Mendekotasunen bat duten pertsonen familiarteko zaintzaileei arreta eta laguntza eman asmoz, norbere buruaren zaintzak duen garrantziaz jabetu eta zaintza lana errazteko teknikak landuko ditugu aurten ere”, zehaztu du Ana Hormaetxe Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko presidenteak.
Aurreko ekitaldietan jasotako erantzuna oso ona izan zela nabarmendu du Nerea Llantada Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko kideak: “Partaidetza handia eduki dugu, eta parte hartu dutenen aldetik jasotako balorazioak ere oso onak izan dira orokorrean”.
Aurreko ikasturtean egindako 15 hitzaldietan 246 pertsonak parte hartu zuten. Bestalde, etxerik etxe egiten duten prestakuntza ikastaroa 50 eskualdeko herritarrek burutu zuten.
Hain zuzen ere, Zainduzen bitartez herritarrak gizarte zerbitzuetara hurbiltzea lortzen dutela azpimarratu du Llantadak. “Hitzaldietara datoz, programan parte hartzen dute, mankomunitatea ezagutzen dute, eta informazioa edota laguntza behar badute guregaana jotzen dute”.
Zaintzailearen perfila ere aldatzen doala azaldu dute, gero eta gazteagoa dela eta horregatik, haien eskariari erantzunez, informazio kanpainaren barruan, web orrialde edo blog baten bitartez zaintzaileei informazioa emateko asmoa dute. Besteen zein norberaren zaintzaren inguruko askotariko materiala jaso gura dute.
Azaroko hitzaldiak eta tailerra
Aurtengo ikasturteari dagokionez, azaroko eguazten guztietan zaintzaileentzako saioak egingo dituzte, Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Lau hitzaldi eta tailer bat prestatu dituzte. Lehenengoan zaintzarako oinarrizko teknikak landuko dituzte. “Bertan parte hartzen dutenei azaroaren 9ko tailerrean parte hartzeko gonbidapena luzatuko diegu, hitzaldian landutakoa praktikan jarriko dugulako”. Izan ere, tailer horretanetxean mugitzeko arazoak dituzten pertsonen zaintzaileei teknikak azaldu eta gomendioak emango dizkiete.
Hitzaldiak eta tailerrak Gernika-Lumon izan arren, mankomunitatea osatzen duten udalerrietako herritarrei zuzenduta daudela gogora ekarri du Llantadak.
Mankomunitatea osatzen duten herrietako eragileekin, zinegotziekin eta osasun zerbitzuetako langileekin lankidetzan jardun direla azaldu, eta haien laguntza eskertu dute. Batez ere Osakidetzako profesionalekin eduki duten hartu-emana nabarmendu du.
Esate baterako, hitzaldiak herriko mediku eta erizainek eman dituzte: “Haiek ondo ezagutzen dute herri bakoitzeko errealitatea zein den, eta gaiak aukeratzen lagundu digute. Horregaz batera, Zainduz-en parte hartzeko animatzeko herritarren artean informazioa zabaltzen lan handia egin dute”.
Nerea Llantadak eta Ana Hormaetxek goizean aurkeztu dute ikasturte honetako programa.
Osasun tailerrak
Hain zuzen ere, aurreko ikasturteetan moduan osasun tailerrak prestatuko dituzte oraingoan ere. Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten hamazortzi herriei zahartze aktiboaren eta autonomia pertsonala sustatzearen inguruko hitzaldiak antolatzeko aukera eskaitzen zaie.
Momentuz, bi hitzaldi antolatu dituzte, eta lehenengoa bihar izango da Mundakan. 18:30ean hasita, lege aholkularitzaren inguruko saioa egingo dute Tribisarrospe kultur etxean. Besteak beste, ezgaitasunei, testamentuei edota herentziei buruzko azalpenak emango dituzte.
Bestalde, azaroaren 10ean lehen sorospenen inguruko berbaldia egongo da Arratzun, Loiolako kultur etxean, 18:30etatik aurrera.
Etxez etxeko prestakuntza
Llantadaren berbetan, zaintzaileek etxez etxeko prestakuntza zerbitzua asko eskertzen dute. Horretan sei saio egiten dituzte. Lehenengoan eta azkenean gizarte langileak zaintzaileei irizpide eta aholkuak ematen dizkiete, horien zaintza lana errazteko. Beste lau saioak fisioterapeuta batekin egiten dituzte. Hark oinarrizko gauza praktikoak erakusten dizkiete: masaje txikiak, etxeko antolaketa hobetzeko aholkuak, oztopo arkitektonikoak sahiesteko neurriak…
Bestalde laguntza pertsonalizatua behar duten zaintzaileentzat banakako saioak burutzen jarraituko dute, psikologo baten laguntzagaz. “Zaintzailea momentu gogor bat pasatzen dagoelako, pauta edo jarraibide batzuk gura dituelako edota bere burua askatzeko eta berba egiteko leku bat behar duelako banakako arreta izateko aukera dauka”.
Era berean, laguntza taldeak osatu, eta abenduan martxan jartzeko asmoa dute. Horietan zaintzaileak batu, eta askatzeko, elkarregaz hitz egiteko edota jarraibideak jasotzeko tartea hartuko dute.