Tokiko jakintza tokiko garapenera bideratzeko egitasmoa abiatu dute
Udalbiltzaren Ikerbiltza proiektua martxan dago Lea Artibai eskualdean. Egitasmoa garatzeko bertoko ikasle, irakasle, aditu eta gizarte eragileen arteko elkarlana bultzatu nahi duteIkerbiltza programa martxan jarri dute Lea Artibai eskualdean. Proiektu...
Udalbiltzaren Ikerbiltza proiektua martxan dago Lea Artibai eskualdean. Egitasmoa garatzeko bertoko ikasle, irakasle, aditu eta gizarte eragileen arteko elkarlana bultzatu nahi dute
Ikerbiltza programa martxan jarri dute Lea Artibai eskualdean. Proiektua Udalbiltzaren gaur egungo lan ildoetako bat da, eta hezkuntza munduan sortzen den ezagutza herritarren eta jendartearen garapenari begira jartzea dauka helburu.Orain arte, nazio mailan aritu da Udalbiltza proiektua lantzen, eta orain Lea-Artibaiko eskualdean bertara egokituriko programa eta egitasmoa landuko dute. Tokiko jakintza tokiko garapenera bideratzeko asmoagaz, eskualdeko zenbait udalerrik bat egin dute proiektuagaz.
Ikasketak burutzen edota amaitu berri dituzten herritarrek bertoko garapenerako lagungarri diren proiektuak bultzatzea eta aurrera eramatea da Ikerbiltzaren asmoa. «Gure eskualdea beste batzuekin alderatuta txikia denez, horretarako aukera ematen du. Herria kohesionatzeko langintzan hastea da gure asmoa. Alde batetik, Euskal Herri mailako ikuspegiagaz kohesioa lantzea, eta beste alde batetik, gauza praktikoetan udalek ditugun beharrizanak asetzea», azaldu du Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkateak.
Lehen pausoa eman dute. Munitibarko Udalean eta Bengola Natur Energia Interpretazio Zentroan hasi dira garatzen.
Eibarko EHUren Ingeniaritza eskolagaz, energia berriztagarrien arloa lantzen dabiltza Bengolan. «Zentroa autosufizientea izateko zer egin genezakeen aztertzen ari dira, eta bestalde, udaletxean dauden beharrizan praktikoei zelan heldu aztertzen ari gara», zehaztu du Munitibarko alkateak.
Eragileekin bilerak
Egitasmoa azaldu, eta elkarlana sustatzeko asmoagaz, azaroan eskualdeko agente ekonomikoekin batzartuko dira. Esate baterako, Lea-Artibaiko Garapen Agentziako, Lea Ibarra Udal Mankomunazgoko, Lea-Artibai Amankomunazgoko eta Lea Artibai Ikastetxeko ordezkariekin batuko dira.
Halaber, eskualdeko herritar, ikasle, irakasle, aditu eta eragile guztiei Lea-Artibain martxan jarri duten egitasmo berri horregaz bat egiteko deia luzatu diete.
Horretarako, interesa dutenek helbide elektroniko honetara mezua idatzi dezakete: ikerbiltza@udalbiltza.eus. Bestalde, telefono zenbaki honetara deitu ahal dute: 699 04 84 28.
Kohesioa eta garapena
Luis Intxauspe Udalbiltzaren lehendakariak azaldu duenez, Udalbiltzaren helburu nagusia Euskal Herriko lurralde desberdinen kohesioa eta garapena lantzea da, eta horretarako, askotariko eremu estrategikoetan dihardute: ekonomia, energia, hizkuntza…
Urtero milaka ikasle pasatzen dira hezkuntza zentroetatik, eta horietan ehunka proiektu eta egitasmo martxan jartzen direla kontuan hartuta, hori guztiori lurraldearen garapenerako aprobetxatzeko beharra ikusten dute: «Ikerbiltzak ikasle, irakasle eta adituen jakintza edo mundu hori saretzen du, eskualdeetan egon daitezkeen behar edo proiektuak garatzeko. Behar tekniko, juridiko edota soziologikoak izan daitezke».
Ikerbiltza programak bitartekari edo zubi lana egiten du. Herri edo eskualde mailan dauden behar eta interesak identikatu, eta horien arabera jakintza zentroekin harremanetan praktikak edo lanak eskaintzen dituzte.
«Euskal Herriko unibertsitate eta ikasketa zentro desberdinekin harremana daukagu, eta arlo desberdinetako lanentzako egitasmoa da gurea», dio Udalbiltzaren lehendakariak.
Atzo eguerdian Munitibarko Bengola zentroan aurkeztu zuten proiektua, eta laster Markina-Xemeinen, Lekeition eta Ondarroan azalduko dute. Azaroaren 18an izango da Markina-Xe- meingo aurkezpena, Lea-Artibai ikastetxean.