LOMCE legearen kontra agertzeko lanuzteak egingo dituzte gaur
LOMCE legearen eta Jaurlaritzaren Heziberri proiektuaren aurkako deialdiak dira. Elkarretaratzeak eta ordubeteko lanuzteak egingo dituzte zentro batzuetanEspainiako Gobernuaren LOMCE legearen eta Eusko Jaurlaritzaren Heziberri proiektuaren kontrako mob...
LOMCE legearen eta Jaurlaritzaren Heziberri proiektuaren aurkako deialdiak dira. Elkarretaratzeak eta ordubeteko lanuzteak egingo dituzte zentro batzuetan
Espainiako Gobernuaren LOMCE legearen eta Eusko Jaurlaritzaren Heziberri proiektuaren kontrako mobilizazioak burutuko dituzte gaur bertoko zenbait ikastetxetan.Modu berean, ELA eta Steilas sindikatuek deituta, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean manifestazioak egingo dituzte, 18:00etatik aurrera, Euskal Herrian gure hizkuntza! lelopean.
Busturialdeko, Lea-Artibaiko eta Mutrikuko ikastetxe batzuetan lanuzteak edota elkarretaratzeak burutuko dituzte goizean.
Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxean 09:30etik 10:30era lanuztea egingo dute, eta eskola aurreko eskaileretan elkartuko dira.
Gernika BHIn, atsedenaldia aprobetxatuta, 11:00etan elkarretaratzea egingo dute, institutuko sarreran.
Bermeoko institutuko DBH 4. mailako eta Batxilergoko ikasleek, berriz, egun osoko greba egitea erabaki dute.
Beste alde batetik, Mundakako eskolako 18 irakasleetatik bik egin dute bat lanuztearen deialdiagaz.
Aulestiko eskolako irakasleek 09:00etatik 10:00etara geldituko dute haien jarduna, eta 09:45etik 10:00etara elkarretaratzean batuko dira, sarreran.
Taxi zerbitzuak betiko ordutegia mantenduko duela eta eskolak 10:00etan hasiko direla jakitera eman dute.
Ispasterko eskolako irakasleek 09:30ean hasi eta 10:30ak arte burutuko dute lanuztea, eta eskolako atarian batuko dira elkarretaratzean. Halaber, gurasoei bidalitako oharrean protestagaz bat egiteko deia luzatu diete.
Ondarroako Zaldupe ikastetxe publikoan ere ordubeteko lanuztea egingo dute irakasleek, 09:00etatik 10:00etara.
Mutrikuko institutuan egun osoko greba burutuko dute DBH 3. eta 4. mailetan, eta Batxillergoko bi mailetan.
Espainiako ikasleen sindikatuak eta Ceapa gurasoen elkarteak LOMCEren kontra greba egiteko dei egin du. Madrildik bultzatutako protesta dela iritzita Ikastolen Elkarteak ez du bat egin deialdiagaz: «LOMCEren aurka egoteaz gain, Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema eraiki behar dugu». Une erabakigarria da urteetako inposizioei ezetz esan eta hezkuntzaren gaineko erabakiak Euskal Herrian hartzeko».
Euskal Herriko hezkuntza eragileak bitan banatuta protesta egingo dute. Batetik ELA, Steilas eta EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak deitu dituzte mobilizazioak, eta bestetik UGT eta CCOO sindikatuek.
ELA eta Steilas sindikatuek, esaterako,Jaurlaritzaren Heziberri proiektua LOMCE legearen «mozorro hutsa» dela salatu dute, eta mobilizazioekin bat egiteko hainbat arrazoi azaldu dituzte. Besteak beste, LOMCEk eta Heziberrik sormena eta pentsamendu kritikoa «albo batera» utziz, ikuspegi enpresarialak «ardatz hartuta» konpetentzien «planteamendu instrumentala» egiten dutela uste dute.