Katixa Agirreren lanak irabazi du XVI. Augustin Zubikarai nobela beka
Hamazazpi behar aurkeztu dira, eta horien artean Agirreren 'Amek ez dute idazten' aukeratu du epaimahaiak. Amatasunaren eta arte sorkuntzaren arteko harremanari buruzko gogoeta bat daKatixa Agirre gasteiztarraren Amek ez dute idazten nobela proiektuak ...
Hamazazpi behar aurkeztu dira, eta horien artean Agirreren ‘Amek ez dute idazten’ aukeratu du epaimahaiak. Amatasunaren eta arte sorkuntzaren arteko harremanari buruzko gogoeta bat da
Katixa Agirre gasteiztarraren Amek ez dute idazten nobela proiektuak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria.Antolatzaileek iragarri dutenez, hamazazpi behar aurkeztu dira sariketara, eta horien artean Agirreren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria bihar arratsaldean jasoko du, Literatur Amuak jardunaldien barruan.
Agirrek nabarmendu duenez, albistea ezustekoan jaso du, poz handiagaz. «Ez da sariketara aurkezten naizen lehen aldia. Beste bi alditan ere saiatu naiz, baina oraingoan zorte handiagoa izan dut. Oso pozik eta esker onez nago, beti bezala. Sari bat ematen dizutenean, eta konfiantza hori ematen dizutenean, horrek motibazioa ere ematen dizu proiektuagaz aurrera egiteko orduan».
Katixa Agirreren Amek ez dute idazten proiektuak, hain zuzen ere, amatasunaren eta arte sorkuntzaren arteko harremanaz egiten du gogoeta, hari detektibesko baten bidez. «Bere seme-alabak hiltzen dituen emakume baten istorioa da, eta gertaera horrek eragin handia dauka protagonistarengan. Izan ere, horren inguruan ikertzen hasten da», azaldu du irabazleak.
Hausnarketa
Lanak puntu beltz bat dauka, baina hausnarketari buruzko lana izango dela aurreratu du gasteiztarrak, eta hori gauzatzeko urtebeteko epea izango du. Azken lana kaleratu zuenez geroztik, hurrengo istorioaren bila ibili da Agirre, eta amatasunaren gaia asko interesatzen zitzaiolako aukeratu du liburuaren gaia bera ere. «Horren inguruan irakurtzen ibili naiz, eta horren inguruko diskurtsoak falta direla sumatu dut. Egia esan, oraindik ere asko landu behar den gai bat dela iruditzen zait, eta hortik tiraka etorri zen istoriaren hasiera».
Proiektua bihar aurkeztuko du Agirrek, bideo baten bidez. Iragarri duenez, bihar ezingo du Ondarroan egon, beste konpromiso bat daukalako, baina ikus-entzunezko bidez emango ditu azalpenak.
Miren Gorrotxategi XV. Augustin Zubikarai sariaren irabazleak, beste alde batetik, 33 ezkil eleberri argitaratu berria aurkeztuko du ekitaldi berean.