Hogei urte zinemarik bihurriena eskaintzen Ander zarraga
Pura Caspa jaialdiaren hogeigarren aldia egingo dute bariku honetan Lizeo Antzokian. Ia lau orduz, umorea eta zine laburrak eman dezakeen sormen guztiaren bilduma izango da bertan.Haragitegiko onena ekarriko du aurtengo Pura Caspa film labur maratoiak,...
Pura Caspa jaialdiaren hogeigarren aldia egingo dute bariku honetan Lizeo Antzokian. Ia lau orduz, umorea eta zine laburrak eman dezakeen sormen guztiaren bilduma izango da bertan.
Haragitegiko onena ekarriko du aurtengo Pura Caspa film labur maratoiak, bere hogeigarren urteurrenean. Ia lau orduz luzatuko dira ezin sailkatu daitezkeen, baina umorea nagusi duten mota guztietako film laburrek.Barikuan izango da Elai Alai aretoan. Beraz, «prestatu erretina eta burmuina», euskarri digitalak eman dezakeen geek, friko, guassapero, arraro, korapilatsu, twitteresko, retro, pokemonesko eta beste hainbat adjektibo arraro izango duten primerako materialaz gozatzeko.
Jaialdia duela bi hamarkada sortu zuten Rober Garay ilustratzailearen gidaritzapean, eta Borja Cresporen ezinbesteko aukeraketagaz egingo da. Haiekin batera, Ruben Ontiveros, Que vida mas triste-ko Borja Perez eta beste parte hartzaile berezien presentzia ere izango da.
Hogei urte ez dira egunero betetzen, eta berezitasun gisa, azken bi hamarkada hauetan Pura Caspa jaialdiak izan dituen kartelekin bilduma bat ere egin nahi izan dute, 26 orrialdeko monografiko batean.
Sarrera doakoa izango da, eta maratoia 19:15ean hasiko da, The Caspers taldearen kontzertuagaz. Busturialdeko talde ezberdinen partaideek osatzen duten taldeak jaialdiaren hasierako emanaldia egingo du. Gainera, aurtengo gonbidatu berezia Pikatxu Pokemona izango dela aurreratu du Garayk.
Hortik aurrera gertatuko dena «abentura txiki bat bezalakoa izango da» dio Garayk. Programa bizirik dago, eta gidoi bat daukagun arren, gauza asko gure kontrolpetik kanpo egongo dira».
Hala eta ere, hogei urte hauetan asko ikasi dutela azaldu du, eta horregatik lasai daude, badakitelako nola jokatu behar duten lau orduetan dena ondo irteteko.
Guztira hamasei eta hemeretzi film labur bitartean emango dituzte. Batzuk aurkezteko, zuzendariak ere bertaratuko dira jaialdira. Hauen artean Javier Chueca eta Juanan Bilbaoren Pajero film laburra nabarmendu nahi izan du Garayk: «Sare sozialetan asko esan da film labur honi buruz, ikusmira handia dago oraindik, inork ere ez duelako ikusi eta jaialdian estreinatuko delako».
Zahia astintzen
Jaialdia nahi gabe sortu zela dio Garayk. 1996 urtean film laburrak egiten zituen talde batean zegoen sartuta. Biolentzia, gorea, baina batez ere umeroa filmatzen zuten, V8 formatuan. «Edizio gabe grabatzen genuen, dena egiten zen zuzenean».
Grabatzen zuten guztiari irteera emateko jaialdi bat antolatzea erabaki zuten. «Aurretik ere antzekoetan parte hartu izan genuen, eta mundu guztiarentzako zabalik zegoen zerbait egitea erabaki genuen».
Oihartzuna eduki zuen jaialdiak, komikizaleen artean eta herritarren artean, eta jakin-mina ere piztu zuen. «Gauza bitxiak ekartzen zituen beste galaxia batetik zetorren estralurtar bat nintzen».
Horri esker hainbat proposamen berri jaso zituen, eta bigarren jaialdi bat egiteko beharra ikusi zuten.
Bigarren saio hartan Alex de la Iglesia zinemagilea ere bertaratu zela gogoratu du Garayk: «Bere filmak gure lan txarrekin batera proiektatu ziren, eta dena oso natural irten zen».
Handik aurrera, Borja Crespo hasi zen parte hartzen, eta Espainiako estatuan egiten ziren film laburren sailkapen interesgarriak egiten hasi zirela dio Garayk. Gaur egun, Crespok aukeraketa egiten du, eta Garayk antolaketa; «hortik aurrera, jaialdi handienetan dagoen material onena izaten hasi ginen Pura Caspan».
Ekartzen duten gehiena «zezen azala» da Garayren esanetan, gehienak gazteleraz daudelako eginda; Frantzia edo Txekiako batzuk ere izan dituzte, baita euskaraz egindakoak ere.
Bermeoko Gore Festagaz alderatuta, Pura Casparen ezaugarri nagusiak ezustekoak, bihurrikeriak eta batez ere umorea dira.