Ekologistek Urdaibaiko EKZP salatuko dute auzitegian
Plan berria indarrean sartzen denean joko dute epaitegira. Zain Dezagun Urdaibaik salatu duenez, babestutako eremuak murriztea ekarriko luke planakZain Dezagun Urdaibai Busturialdeko garapen eusgarrirako auzo elkarteak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren ...
Plan berria indarrean sartzen denean joko dute epaitegira. Zain Dezagun Urdaibaik salatu duenez, babestutako eremuak murriztea ekarriko luke planak
Zain Dezagun Urdaibai Busturialdeko garapen eusgarrirako auzo elkarteak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana (EKZP) baliorik gabe uzteko eskatuko du auzitegian, behin araua indarrean dagoenean.Urdaibaiko Patronatuak uztailean onartu zuen lege berria, eta irailean berretsi egin zuen Gobernu Batzordeak. Besteak beste, plan horrek jarduera ekonomikoak sustatzeko administrazio prozedurak arinduko dituela eta Biosfera Erreserbaren babes eremuak %4 zabalduko dituela aipatu zuen Ingurumen sailburuorde ohi Josu Madariagak.
Bestalde, plan berri horrek eskualdeko natura eta kultura ondarearen kontserbazio egoera hobetzeko helburua ere baduela esan zuen Madariagak, itsasertzean, ibai sareetan eta baso guneetan bereziki. Horretarako, lurzoruak eremuetan banatuko dituztela esan zuen, sentikorrenak direnak identifikatuz eta ekosistemen berreskurapenerako dagokien lehentasunak zehaztuz.
Hala ere, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren EKZP ez da denen gustukoa. Zain Dezagun Urdaibaik bost arrazoi nagusi eman ditu plan berria atzera botatzeko eskatzeko. Auzo elkarteko kide Erroxeli Ojinagak azaldu legez, lurraldearen erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plan batek ezin du babestutako lurraldea murriztu. Gainera, onartu berri duten EKZP ez da plan urbanistiko eta komarkala, Ojinagaren esanetan.
Foruko harrobia ere bada salaketarako beste arrazoi bat. «Harrobia ustiatzeko baimena hamar urtez luzatu nahi dute, eta dagoeneko babestutako guneak inbaditu dituzte; bai azalekoak, lurzorukoak eta baita lur azpikoak ere», kritikatu du Ojinagak.
Era berean, planaren tramitazio epean ingurumen inpaktuaren txostenik aurkeztu ez izana ere salaketarako arrazoia dela iritzi du Zain Dezagun Urdaibaik. «Azterketa egiten hasi ziren, baina gero ez dute ezer aurkeztu». Beraz, hori guztiori garapen iraunkorarren kontzeptua- ren aurka doala deritzote, eta, Ojinagak esan legez, zerbait babestuta badago, babes hori handitu daiteke, baina ezin daiteke murriztu.
«Tranpa»
EKZP aurkezterakoan plan horrek administrazio prozedurak arindu, jarduera ekonomikoak sustatu eta Biosfera Erreserbaren babes eremuak %4 zabalduko dituela esateak «tranpa» daukala esan du Ojinagak, babes eremuak Europak errekak eta ibai ertzak babesteko onartutako zuzentaraua betetzeagaz handituko direlako. «Europako zuzentarauak dio errekak eta ibai ertzak babes berezia behar duten guneak direla, eta zuzentarau hori kontuan hartu dute EKZPan. Horregatik diote babestutako eremuen kopurua %4 handituko dela. Lehen inguru horiek babestutako guneen kategoria zeukaten, eta uren babeserako legeak dio babes berezia daukaten guneak modura kalifikatu behar direla».
Ojinagaren esanetan, babestutako eremuak, handitu beharrean, murriztu egingo dira lege berriagaz. Orain arte babes normalaren kategoria zuten baso lurren 500 hektarea inguru hiri-lur birkalifikatu dituzte; «horietatik 100 hektarea inguru Muxikako industriagunean».
Europara eta Madrilera
Orain arte indarrean zegoen legeagaz ados zegoen Zain Dezagun Urdaibai. Eta lege berria baliorik gabe uzteko, epaitegian ez ezik, Europan, Madrilen (Espainia) eta Gasteizen ere eskatuko dute.
Unescon kexu zuzena aurkeztuko du, erakunde hori baita mundu zabalean Biosfera Erreserbak izendatzen dituena, eta Ojinagak esan bezala, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak nazioarteko proiekzioa dauka.
Era berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Biosfera Erreserba bakarra da Urdaibaikoa. Horregatik, babesteko eta irailean onartutako EKZP baliogabetzeko eskatu gura dute Eusko Legebiltzarrean, ez legezko proposamen baten bitartez. Horretarako, horren eskakizuna egingo die Zain Dezagun Urdaibaik Legebiltzarrean ordezkaritza izango duten alderdi politiko denei. Ojinagak gogoratu duenez, Gobernu Kontseiluak EKZP onartu zuen aldeko 11 botogaz eta kontrako 7gaz. «Hala eta guztiz ere, batzar hartara askok huts egin zuten, deialdia denbora gutxirekin egin zutelako»,.
Beste alde batetik, Espainiako legediak eragina dauka Urdaibaiko lurretan ere. Hori dela eta, Madrilgo Kongresuan ere eskatuko dute lege hori baliogabetzeko.