Eusko Legebiltzarreko taldeei “titulartasun autonomoko instalazioen errealidadeari legezko euskarria emateko balioko duen” portuen eta itsasoko garraioaren gaineko legea “ahal den adostasun handienagaz eta epe laburrean” onetsi dezala eskatzea erabaki dute aho batez
Bizkaiko Batzar Nagusiek. Ekimenak talde guztien sinadura eraman du, PPrena izan ezik. Hala ere, talde popularrak bat egin zuen arauz besteko proposamenagaz.
Era berean, Bizkaiko Batzarrek eskaria egin diote
Eusko Jaurlaritzari, egindako azterlanetan eta indarrean dauden plan estrategikoetan oinarrituta, titulartasun autonomoko portuen “Bizkaiko ekonomia eta lurralde garapenerako erreferente izaten jarraitu dezaten”.
Baxurako ontziak berdela deskagatzen Bermeon
Hori dela eta, Bizkaiko Batzarretako sei taldeek, kofradiekin eta sektoreko eragileekin elkarlanean, “portu bakoitzaren garapen egokirako egin behar diren hobekuntzak” identifikatzen eta bultzatzen jarraitzea eskatu dute, topaketarako mahaiak eta guneak sortuz, beharrezkoak badira, diseinatu diren helburuak lortu ahal izateko.
Bost hilabetera. Bizkaiko Batzarrek onetsi duten arauz besteko proposamena, bestalde, Euskadiko Portuen eta Itsasoko Garraioaren Lege proiektua baztertu eta bost hilabetera ailegatu da. Proiektu hark, Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetako instalazioetan kudeaketarako zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortzea aurreikusten zuen, Bilboko eta Pasaiako portuetakoak izan ezik –horien titulartasuna Espainiarena delako–.
Bizkaiko kasuan, hortaz, egin daitekeen portu legearen aplikazio eremuak Ondarroako, Lekeitioko, Eako, Elantxobeko, Mundakako, Bermeoko, Armintzako eta Plentziako instalazioak hartuko lituzkeela gogoratu du Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak.