'N' Diawaldy Bouly' eta 'Karta Astrala', 39. Euskal Zine Bilerako film onenak
Ekitaldi jendetsu eta hunkigarriagaz amaitu zen zapatuan, Euskal Zine Bilera. Begoña Vicarioren 'Beti Bezperako koplak' filmak eraman du Antzar MoreaNatxo Leuzaren N' Diawaldy Bouly lanak eta Koldo Garcia eta Maite Bidarten Karta Astralak eraman dituz...
Ekitaldi jendetsu eta hunkigarriagaz amaitu zen zapatuan, Euskal Zine Bilera. Begoña Vicarioren ‘Beti Bezperako koplak’ filmak eraman du Antzar Morea
Natxo Leuzaren N’ Diawaldy Bouly lanak eta Koldo Garcia eta Maite Bidarten Karta Astralak eraman dituzte 39. Euskal Zine Bilerako urrezko antzarrak. Profesional mailako film onenaren saria jaso zuen Leuzak, eta amateur mailako saria eraman zuten Koldo Garciak eta Maite Bidartek zapatu gauean egin zen amaiera ekitaldi jendetsu eta hunkigarrian.Kontxu Odriozola euskal aktorea gogoratu zuten berriro ere, eta hainbat aurpegi ezagun bildu ziren bertan, Euskal Telebistako zuzendari Edu Barinaga, Donostiako Zinemaldiaren zuzendari Jose Luis Rebordinos eta Tessa Andonegi, Sara Cozar eta Asier Hormaza aktoreak, besteak beste.
Koldo Goitia Lekeitioko alkateak eman zituen film onenaren sariak. 1.300 euro eta urrezko antzarra eraman zituzten Maite Bidartek eta Koldo Garciak; 1.900 euro eta urrezko antzarra, berriz, Natxo Leuzak.
Ekoizpen onenaren saria ere eskuratu zuen Leuzak, eta adierazi zuenez, irabazitako diru guztia bere filmeko protagonistentzat izango da, «Mauritaniako herri bateko bizilagunentzat», hain zuzen.
Amateur mailako Ekoizpenaren saria, berriz, Joxean Coya Ayudanentzat izan zen Korronteari aurre. Euskal balezaleak Islandian lanagaz. Edu Barinaga ETBren zuzendariaren eskutik jaso zituzten zilarrezko antzarrak.
Bigarren sari bat lortu zuen bai eta ere Koldo Garcia eta Maite Bidarteren Karta Astralak: Amateur mailako Gidoi saria. Profesional mailakoa, ostera, Begoña Vicariorentzat izan zen, Beti Bezperako Koplak filmagatik.
Zuzendaritza onenarentzako saria Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak eman zuen. Felipe Ugarteren Hasierak irabazi zuen amateur mailan, eta profesionaletan Jorge Gil Munarriz nagusitu zen, Xinta dantza izeneko lanagaz.
Argazki saria Sergei Soberaren Euphoriak amateur mailan, eta Jorge Gil Munarrizen Xinta Dantzak irabazi zuten.
Sari bereziak
Urtero modura, gazteen lana eta genero ikuspegia hobetoen txertatzen duen lana saritzen du Euskal Zine Bilerak. Gazte 22 saria, aurten, herritar batentzat izan da; Eneko Zuberogoitia lekeitiar gazteari eman diote, 280º filmagatik.
Antzar Morea, bestalde, Beti Bezperako koplak filmak eraman zuen, Begoña Vicarioren lanak. Antzar Morea saria Bea Azpiri genero ikuspegian adituak eta Arantza Bengoetxea Lekeitioko Udal Berdintasun Batzordeko kideak eman zioten Begoña Vicariori.
Beste alde batetik, zapatu goizean banatu zen bai eta ere, Lekeitio zinemaz girotzeko herriko ostalariei eta dendariei zuzendutako III. Apaintze Lehiaketaren saria. Aurtengo saritua Traola Produkzioak-eko Xabier Villalba izan da.