Kalean da 'Beroki gorria', XI. Peru Abarka Album Lehiaketako lana
36 gerratik ihesi, Santurtzitik Ingalaterrarako bidaia egin zuten umeen historia islatzen du lanak. 14 testu eta 33 ilustrazio aurkeztu dira lehiaketara, denak ere maila handikoakXI. Peru Abarka Album Lehiaketako Beroki gorria album irabazlea ekitaldi ...
36 gerratik ihesi, Santurtzitik Ingalaterrarako bidaia egin zuten umeen historia islatzen du lanak. 14 testu eta 33 ilustrazio aurkeztu dira lehiaketara, denak ere maila handikoak
XI. Peru Abarka Album Lehiaketako Beroki gorria album irabazlea ekitaldi bereziagaz aurkeztu zuten barikuan, jendez betetako Markina-Xemeingo osoko bilkura aretoan.Mari Eli Ituarte lehiaketaren koordinatzailea eta epai mahaiko kidea, Iratxe Lasa Markina-Xemeingo Udaleko zinegotzia eta irabazle biak, Patxi Zubizarreta idazlea eta Yolanda Mosquera ilustratzailea jarri ziren aurkezpen mahaiaren atzean album berriaren nondik norakoak azaltzeko.
Patxi Zubizarretaren lanak Havana itsasontzian 36ko gerratik ihesi Santurtzitik Ingalaterrarako bidaia egin zuten umeen historia islatzen du. Aurkezleek aitatu zuten modura, «iraganeko gaia, baina zoritxarrez, gaur egun ere egunero komunikabideetan ikusten diren albisteetan errepikatzen dena». Iratxe Lasa zinegotziak jakitera eman zuenez herriko emakume batek ere bidaiatu zuen Havana itsasontzian, baita Lasaren aitonak ere. Horrela, liburua hartu zuenean hunkitu egin zela aitortu zuen Lasak.
Aurtengo lehiaketari dagokionez, 14 testu eta 33 ilustrazio aurkeztu dira, eta gainera, oso maila handikoak, Mari Eli Ituartek esan zuenez. Idazlananen aukeraketarako epaimahaia Mari Eli Ituarte berak, Ana Urkiza idazle ondarrutarrak eta Eukene Herrera Ibaizabal argitaletxeko literatura arduradunak osatu dute. «Hamalau lan horien artetik Beroki gorria izan zen hiru epaimahaikideok lehen momentutik posibleen artean gorde genuen lanetako bat, eta azkenean, aho batez aukeratu genuen», zehaztu zuen Ituartek.
Bizipenak kontatzeko bidea
Idazleak erabilitako tonua eta estiloa oso aberatsak iruditu zitzaizkien. Lerroz lerro umeen bakuntasuna, tristura eta etsipena hautematen dira narrazioan, beroki gorri bat umeen esku batetik bestera igarotzen den bitartean. «Beroki gorria bera sinbolo bihurtzen da. Ez da bakarrik beroki bat, sinbolo bat da, Havana itsasontzian bidaiatu zuten umeen bizipenak kontatzeko bidea. Sinbolo hori, gainera, oso ondo josita dago narrazioan», gaineratu zuen Ituartek.
Azken emaitza gustukoa edo horren gustukoa ez bada ere, sortze prozesua dela gehien betetzen duena aitortu zuen Yolanda Mosquera ilustratzaileak. Hori dela eta, publikoa prozesu horren guztiaren jabe egiteko ikus-entzunezko bat eskaini zuen, atalez atal.
Pertsonaia, pasioa eta pasaia
Bigarren aldia izan da Yolanda Mosquera Peru Abarka Album Lehiaketako mahai atzean jesartzen dena. Aurretik ere saritu zuten, Yolanda Arrietak idatzitako ABCD Berri Bat lanagaz.
Patxi Zubizarreta idazlea, bestalde, lehen aldiz aurkeztu da lehiaketara. Handik eta hemendik, Havana-n bidaiatu zuten umeen hainbat eszenen jabe egin, eta istorio batean txertatu ditu. Istorioa idazteko hiru p-ak bazituela esan zuen. «Banuen pertsonai bat, pasio bat eta paisaia bat. Pertsonaia Havana-n bidaiatu zuten umeak ziren orokorki; pasioa, gerra bukatzea eta itzultzea; eta paisaia bat, kartzela: itsasontzia edo kanpalekua». Eta metafora beroki gorria bera dela azaldu zuen. «Dena biltzen duena».