Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sustatutako programa da
Gu ere bertsotan, eta gaztetxoen artean
bertsozaletasuna sustatzea du helburu. Bermeoko ikastetxeek aipatu programa lantzen duten
laugarren ikasturtea izango da.
Ikasturte amaieran iaz egin zuten bertso topaketa
Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eskutik, 2016-2017 ikasturtean,
LHko 6. mailako 176 ikaslek landuko dute bertsolaritza ikasgeletan. Jakinarazi dutenez, aurten,
Mundu bat bertso izeneko liburua landuko dute.
DBHn, Ignacio Arozena institutuan,
bat-bateko talde bat egongo da martxan. Horretan,
12 eta 13 urteko bederatzi gazte ariko dira.
Juan Karlos Agirre Gazteria Saileko zinegotziak azaldu duenez, “egitasmo honen bitartez,
bertsolaritzari buruzko oinarrizko ezagutza bermatzen da. Ikasgelan egiten den beharrari ikasgelatik kanpo jarraipena ematen zaio, gaztetxoen bat-bateko kanturako taldeak sortuz eta bertso eskolara hurbildu daitezen zubi lana eginez”.
Ahozkotasunetik abiatuta, hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak lantzen dituzte ikasleek
Gu ere Bertsotan egitasmoaren bitartez. Modu horretan, astero edo hamabostero, ordu batez, bertso-jolas eta ikus-entzunezko baliabideak lagunduta, ikasturtean zehar egiten diren jaialdietarako bertsoak prestatuko dituzte, eta jendaurrean zelan egon eta zelan jokatu behar duten landuko dute klaseetan.
Ikasturtean zehar, gainera,
hainbat ekintza egingo dituztela jakinarazi dute;
eskolen arteko topaketak edota bertso kantaldiak, esaterako. Ikasturte amaieran, 2017ko
maiatzean, bigarren urtez jarraian, ikastetxe eta bat-bateko taldeen arteko
bertso topaketa egingo dutela azaldu dute.
2013-2014 ikasturtean eman zioten hasiera egitasmoari Bermeoko Udalaren, ikastetxeen eta Bizkaiko Bertsozale Elkartearen arteko elkarlanaren bidez. “Epe luzerako erronka bateri” hasiera eman ziotela dio Agirrek: “Etorkizunean Bermeon bertsozaleak, bertsolariak, epaileak eta gai jartzaileak egoteko helburuz lanean hasi ziren”. Lehen pausoa Hezkuntza Arautuan oinarriak jartzea izan dela gogorarazten du Gazteria Saileko zinegotziak, proiektua, baina, hasieratik herrira begira egon dela zehaztuta. Gauzak horrela, etorkizun hurbilean
herri mailako bertso eskola bat izatea da helburua.