Andoni Lariz etxean dago Velasco epailearen aurretik igaro ostean
Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, atzo goizean Eloy Velasco epailearen aurretik igaro zen Andoni Lariz ziortza-bolibartarra. 10:00etan eraman zuten auzitegira, eta deklaratu ostean, aske uzteko agindua eman zuen epaileak.Larizen senideek jakite...
Larizen senideek jakitera eman zutenez, Soto del Realeko espetxera (Madril, Espainia) eraman zuten ziortza-bolibartarra deklaratu ostean, eta Auzitegi Nazionalak agindua kartzelara bidali arte itxaron behar izan zuen, libre uzteko. 19:50 inguruan irten zuen espetxeko atetik.
Kargurik ez
Andoni Larizen senideek, hain zuzen ere, preso ohiaren abokatuagaz berba egiteko aukera izan zuten atzo goizean, eta haren aurkako kargurik ez bazegoen ere, urduri egon zen familia abokatuaren erabakia jakin arte. «Ez daukagu inolako ziurtasunik», nabarmendu zuten.
Larizek, zehatz esanda, zapatuan gelditu behar zuen kalean, Frantziak ezarritako zigorra beteta. Uzercheko espetxetik (Frantzia) zapatu goizean irten zuen, eta 15:00ak aldera, Perpinyako mugan (Frantzia) utziko zutela esan zien Lariz berak senideei, dei baten bidez.
Baina estraditatzeko agindurik ez bazegoen ere, Espainiako Poliziaren esku utzi zuten, zuzenean, La Jonqueran (Herrialde Katalanak) daukan komisaldegian, eta handik, 16:30ak inguruan, Soto del Realeko kartzelara (Madril, Espainia) eraman zuten, Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik igarotzeko.
Senideek azaldu zutenez, eskuburdinak jarrita eraman zuten zapatuan ziortza-bolibartarra Madrileraino, eta domekako 02:00ak arte eduki zuten hatz markak hartzen. Domeka eguerdian bisitatu ahal izan zuten senideek, eta nabarmendu zutenez, oso nekatuta aurkitu zuten.
Atxiloketaren aurka
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, bere aldetik, Andoni Larizen atxiloketa salatu du, eta atxiloketa horrek Estatu frantsesak Euskal Herriaren zanpaketan duen erantzukizuna agerian uzten duela esan zuten. «Ez da berria Estatu frantsesak espainolagaz mantentzen duen kolaborazio estua, eta horren adibide izan dira legearen gainetik egindako hainbat eta hainbat kolaborazio».