Zainduz programak eskaintza zabala dakar beste behin eskualdera
Ikasturte honetan hamar urte betetzen ditu programak. Hamarkada honetan eskualdeko 2.600 herritar inguruk parte hartu dute ekimenaren askotariko ekitaldietanBizkaiko beste hainbat herritan moduan, Zainduz programa martxan da Lea-Artibain ere. Bizkaiko ...
Ikasturte honetan hamar urte betetzen ditu programak. Hamarkada honetan eskualdeko 2.600 herritar inguruk parte hartu dute ekimenaren askotariko ekitaldietan
Bizkaiko beste hainbat herritan moduan, Zainduz programa martxan da Lea-Artibain ere. Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizitzen Fundazioak eta tokian tokiko instituzioek elkarlanean garatzen duten programak hamar urte betetzen ditu, eta aurreko urteetan moduan, menpekotasunen bat duten pertsonen zaintzaileei zuzendutako eskaintza zabala prestatu dute.«Hamarkada honetan egindako bideak eta eskualdeko herri guztietara ailegatzeko bilatu ditugun formulek esperientzia aberasgarria eman digute. Jende, zaintzaile askorengana heltzeko balio izan digu, eta aurrerantzean ere hori garatzen joango gara», zehaztu du Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoaren lehendakariak.
Lea-Artibain 2007an jarri zuten martxan lehenengoz ekimena, eta sasoi hartan aldundiak egindako apustua azpimarratu du Eli Burgoa Gizarte Zerbitzuen koordinatzaileak. «Bost atal nagusi ditu programak, eta guk batik bat lau lantzen ditugu: prebentzioa, sentsibilizazioa, heziketa eta arlo psikologikoa».
Programa lantzen hasi zirenetik 2.600 bat pertsonengana heldu dira, iaz, adibidez, 300 herritar inguruk parte hartu zuten. «Kualitatiboki oso esanguratsua izan da parte hartzea, eta indar gehiago jarri, eta egonkortzen joan behar gara», dio Burgoak.
Gabezia pertsonalak
Izko Cardenal Bizitzen Fundazioko koordinatzaileak Zainduz programa bultzatu eta garatzeko aldundiaren eta udal txikien zein mankomunitateen ahalegin berezia nabarmendu ditu: «Izan ere, askotan zaintzaileengana heltzea ez da erraza. Horiek gabezia pertsonal edo psikologikoak izaten dituzte sarri. Badituzte behar sozial batzuk ere, eta zaintzaile bihurtzean horiek albo batera uzten dituzte. Ez dute aisialdirako astirik. Askotan dependentzia emozionaleko lotura bat sortzen da».
Bizi itxaropena handitu den heinean, adineko pertsonen kopurua gero eta handiagoa denez, zahartzaro «aktiboa» sustatzea beharrezkoa dela deritzote.
«Zaintzaile gehienak dira emakumezkoak, eta politika feministak gero eta barneratuago ditugun arren, egunerokotasunean, praktikan jarri behar dugu. Lana berdintasunean oinarritu behar da. Denok bihurtu behar gara zaintzaile, eta zaintzaileak mimatu eta hezi behar dira», azaldu du Eluk. Hain zuzen ere, Cardenalen berbetan, zaintzak konpartitzea da erronka nagusietako bat. «Zaintzaileak bere prestakuntza emozionala lantzeko tresnak behar ditu. Programak horiek bizi dituzten egoerak azaleratzen ditu, eta egoera horiek nola aldatu daitezkeen erakusten du».
Dioenez, zaintzaileak «antolaturik ez egotea» eta «oso feminizatuta» egotea faktore esanguratsu bat da, «ikusezintasuna» ematen diolako kolektiboari.
Zaintzaileak zaintzearen garrantzia jendartean ez dela antzematen esan du Cardenalek. «Gizarte mailan ez dago egitura sendo bat honi erantzuna emateko. Horregatik gauza berriak garatzen eta irtenbideak bilatzen hasi behar gara; behar horiek ondo identifikatu, eta erantzunak eman behar zaizkie».
Gizartearen zaintza nola antolatu eta kudeatu da gakoa, eta gaur egungo egoera datozen belaunaldietan aldatu beharra azpimarratu du Cardenalek.