Bihar aurkeztuko dute Gernika Rugby taldearen ibilbidea batzen duen dokumentala. Baliabide profesionalekin egindako lan honek omenaldi bat egin nahi izan die gaur egun arte lanean aritu diren taldekideei.
Bihar estreinatuko da BasurdeKumeak dokumentala, Gernika Rugby Taldea duela 43 urte sortu zeneko historia biltzen duen 65 minutuko filma. Aurkezpena bihar egingo dute Lizeo Antzokian, 20:30ean. Eta zapatuan ere beste emanaldi bat egingo dute 19:30ean.
«Guk Goi Zale taldearentzako Gailur Ametsa dokumentala egin genuen», azaldu du Pedro Durana dokumentalaren zuzendariak. «Momentu hartan Gernika Rugbyko entrenatzailea zen Bruno Mercantirekin ikusi genuenean, taldearentzako antzeko zerbait egitea oso ideia ona izango litzatekeela iruditu zitzaigun», gehitu du.
Egitasmoak aurrera egiten zuela ikusita, Doru Ionut Prisacariu ikus-entzunetan adituagaz bat egin eta ekinean jartzea erabaki zuten. Hasteko gidoia landu zuten, eta horretarako Joseba Olaeta taldeko kirol zuzendariaren laguntza ere eduki zuten. «Olaetak koordinazio lanak egin ditu rugby taldeagaz, eta ideiak ere eman dizkigu, gidoiaren eta galderen inguruan».
Urte bateko lana
«Produkzioak urte oso bat iraun du, elkarrizketatu guztiekin koordinatzeko lanak denbora asko hartu baitu», dio Duranak. Artxiboko hainbat irudi ere erabili dituztela dio: «Milaka argazki eta artxiboko irudi izan ditugu, eta aukeraketa bat egin behar izan dugu denen artean esanguratsuenak aukeratzeko».
«Edizio lana oso gogorra izan da, imaginatu, artxiborako irudiek hiru terabyteko pisua zuten, irudi, argazki eta albisteen artean», gogoratu du Prisacariuk.
«Dokumentala errugbi taldea sortu zen lekuan hasten da, 1973an, Derion; eta gero, sasoi ezberdinetako jendea elkarrizketatzen dugu, gaur egun arte. Ez da erraza izan jendea aukeratzea, hainbeste pasatu baitira klubetik, baina garai bakoitza ordezkaten duten pertsonak aukeratzen saiatu gara, eta hori guztia artxiboko irudiekin eta musikagaz tartekatzen doa», argitu du Olaetak.
Talde teknikoari dagokionez, Durana eta Prisacariu izan dira gidaritza eraman dutenak, baina haiekin batera, Angel Egia, Joseba Gabriel, Txema Ormaetxea, Juan Luis Ugalde eta Iñaki Etxaniz ere egon dira dokumentalaren produkzioan. «Modu berezian aipatu nahiko nituzke Oier Plaza eta Xabi Crespo, tresneria tekniko modernoa utzi digutelako eta slow motion bitartez grabatu dutelako, eta horrek guztiak puntu profesionala eman diolako lanari.
Dokumentalak 65 minutu irauten du, «askori luzeegia irudituko zaie,aurreratu du Duranak, baina ikusi dutenak konturatu dira ez dela bat ere aspergarria, erritmo bizia izateko irizpideekin egin baitugu, ikusleak ez nekatzeko».
Elkarrizketatu dituzten asko ere kanpoan utzi behar izan dituztela diote. Hala ere, taldeak azken urteetan hartu dituen erabaki askoren berri ere ematen dela aurreratu dute, atzerriko jokalariak ekartzeko erabakia, adibidez.
Ezberdinak batzen
Itxuraz oso ezberdinak ematen duten kirol talde eta elkarte kultural bik elkarren artean ulertzeko eta lan egiteko topagunea aurkitu dutela diote denek. «Esperientzia honek elkar ezagutzeko aukera eman digu, lagun berriak egin, eta batez ere errugbi taldean 43 urtez lanean egon den jendeari omenaldi bat egiteko aukera izan da», dio Duranak. Errugbiari buruz hainbat gauza ikasi behar izan dituela ere aitortu du. «Maitasuna ere sortu dit», gehitu du Duranak; «beraiekin harremanean jarraitzeko gogoa eduki dut».
Olaetak Gernika Rugby Taldeari buruz asko ikasi duela dio, baina zinemagintzari buruz are gehiago ikasi duela adierazi du: «Harrituta gelditu nintzen herrian horrelako prestakuntza eta jakituria handia duten taldeak daudela jakitean».
Dokumentalean, taldea sortzeko lehen mugimenduak hasi zituen taldean izan zen Bittor Bilbaori ere omenaldi bat egin nahi izan diotela esan dute, filmaketa bukatu eta hilabete batera zorigaitzeko istripu bat izan zuen eta. Egin zuen lanagatik berari egindako elkarrizketak eta bere ikuspuntuak nabarmendu nahi izan dituztela azpimarratu du Duranak.
Horretaz gain, dokumentalean 43 urte hauetan gertatutako hainbat bitixikeria ere azaltzen dira; esate baterako, euskaraz egin zen lehenengo zuzeneko emankizuna 1983an Euskadi-Gales izan zen, desagertuta dagoen Santa Luziako futbol zelaian, Prisacariuk azaldu legez.
DOKUMENTALAREN TRAILERRA:
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.