Errenteriara ibilaldi inklusiboa egingo da etzi, Karenka elkartearen eskutik
Irteeraren helburua bestelako beharrak dituzten umeak ere badaudela ikustaraztea da. Ahalik eta herritar gehienek parte hartzeko asmoagaz, ibilbide erraza aukeratu duteOndarroako Gizarte Ongizarte Batzordeak bultzatutako sentsibilizazio kanpaina berezi...
Irteeraren helburua bestelako beharrak dituzten umeak ere badaudela ikustaraztea da. Ahalik eta herritar gehienek parte hartzeko asmoagaz, ibilbide erraza aukeratu dute
Ondarroako Gizarte Ongizarte Batzordeak bultzatutako sentsibilizazio kanpaina bereziaren barruan eta Karenka Guraso Elkartearen eskutik, mendi irteera inklusiboa egingo da etzi. «Irteeraren helburua, oro har, Ondarroan bestelako beharrak dituzten umeak ere badaudela ikustaraztea eta herritarrak sentsibilizatzea da», azaldu dute Mikel Saizar eta Iker Lizarzaburu Karenkako kideek.10:00etan batuko dira Alamedan, eta bertatik, Artibai ibaiaren alboko pasealekutik zehar, Errenteria aldera egingo dute ibilaldia «lasai-lasai» bide horitik. «Gure asmoa, ahal badugu, Gorozikako bidegurutzera ailegatzea da, Aranzubia dorretxearen ingururaino»,
Herritar guztiek bertan parte hartu ahal izateko, gainera, ibilbide erraza eta polita aukeratu dute, ahalik eta lauena. «Behar bereziak dituzten zenbat eta gehiago batu, hobe. Modu horretara zelako aniztasuna dagoen ikusi ahal izango da. Era berean, kasu desberdinak ezagutu, eta hala edo bestela, ekintza horretan denek parte hartu ahal izango dutela erakutsiko dugu».
Hiru bat orduko ibilaldia egingo dute Aurrera Mendi Taldeko kideen laguntzagaz, eta Aranzubia parera ailegatu ostean, talde argazkia atera eta herrira bueltan hasiko dira. Amaieran, 13:00-13:30ak aldera, otordu txikia egingo dute, Antiguako Ama elkartean.
Deialdi zabala
Karenkakoek azaldu dutenez, ibilaldian ahalik-eta herritar gehien batzea da euren asmoa, hortaz, ondarrutar eta eskualdeko herritar guztiak gonbidatu dituzte hitzordura. «Nahi duen guztiak Alamedara agertu besterik ez du izango».
Batez ere, familia giroan egiteko ibilaldia izango dela aurreratu dute, eta arrazoi horregatik herriko ikastetxeetan ibilaldiari buruzko informazioa banatu dute, eta nahi izan duenak, aurretiaz izena emateko aukera izan du. «Zerrendak, batez ere, gauzak aurretiaz hobeto antolatzeko ireki ditugu».
Karenka Elkartea duela urtebete eman zen ezagutura. Hain zuzen ere, dibertsitate funtzional fisiko eta sentsoriala duten seme-alabak dituzten gurasoek indarrak batu eta taldea sortzea erabaki zuten. Taldeko bederatzi familiak Antiguako Ama egoitzan batzen dira.
Azpimarratu dutenez, herrian antzeko beharrak dituzten beste familiei laguntzeko elkarteko ateak zabalik dituzte. Eurekin harremanetan jarri nahi dutenek karenkaondarru@gmail.com posta elektronikora idatzi dezakete. Informazio gehiago eduki nahi dutenek, ostera, Karenkaren Facebook orrialdea bisitatu dezakete.